Durangoko Kurutziagak Jantoki Eko-Arduratsuaren ziurtagiria jaso du

Anboto 2024ko eka. 6a, 15:57

Proiektuaren ardatzak elikadura, jasangarritasuna, zaintza, elkarbizitza eta aisialdia direla azaldu dute.

Kurutziaga ikastolak, Ausolanegaz batera, Jantoki Eko-Arduratsuaren ziurtagiria jaso zuen atzo, Bureau Veritasen eskutik. Horrela, ikastolak elikadura osasuntsua eskaintzeaz haratago, eguerdietako tartean martxan ipini duten proiektu integrala saritu dute. Egitasmoak arlo hauek guztiak batzen ditu: ikastolako sukaldean prestaturiko janaria, zero kilometroa, sasoiko produktuen kontsumoa, inguruko baserritarrekin elkarlana, naturagaz loturiko jolastoki zabala, aisialdia eta elkarbizitza. Estatuan errekonozimendu hau jasotzen duen lehenengo ikastetxea da Kurutziaga, prentsa oharrean azaldu dutenez. Orain hamar urte, Kurutziagak jantoki ereduaren inguruko aldaketa planteatu zuen, guraso talde bategaz hausnarketa sakona egin eta gero. “Apustu bat egin genuen bertoko eta sasoiko produktuak ikastetxeko menuetan gehitzeko. Prozesuaren abiapuntuan, bazkari osasungarriagoa eta inguruko baserritarren produktuak kontsumitzea izan zen helburua. Ildo honetatik, produktu hauen gehikuntza eta hobekuntzak txertatzen joan gara urteetan zehar. Eta produktuak aipatzen ditugun heinean, sortzen den zaborra ere jasangarritasunaren irizpide berberekin kudeatzen da”, azaldu du Urko Rodriguez Kurutziagako zuzendariak.

Elikaduraren eta jasangarritasunaren arloez gainera, zaintza, elkarbizitza eta aisialdia elementu garrantzitsu modura batu ziren proiektura. Hau guzti hau kontuan hartuta, erabaki estrategikoak hartu zituzten. Batetik, eguerdiko tartea atsedengune bat izatea. Bestetik, eskolaz kanpoko jardunak ikastolatik kanpora kokatzea, berdinen artean ezberdintasunik gertatu ez dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!