Lore eskaintzan parte hartu du Mari Carmen Hernández Pedrosaren alargunak. Berarekin batera Alderdi Popularreko beste hainbat kide egon da. Besteak beste, Carlos García Durangoko zinegotzi popularra, Javier de Andrés Euskadiko Alderdi Popularreko presidentea, Carlos Iturgaiz Europako hauteskundeetako hautagaia eta Esther Martínez, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaria. "Guretzat oso inportantea da Pedrosaren familia laguntzea", adierazi du Javier de Andrés presidenteak. "Funtsezko arrazoi bat dugu horretarako: ETAren biktimak terrorismoaren biktima dira. Durangon eta Euskadiko beste herri askotan haien erailketak ospatu ziren. Horregatik guztiagatik, laguntza eta errekonozimendu berezi bat behar dute", azaldu du De Andresek.
Plakak biktimei
Carlos Garcíak Durangoko Udalean egiten dabilen lan guztia eskaini die Pedrosari, "terrorismoaren biktima diren 13 durangarrei" eta "ETA erakunde terroristak eraildako guztiei". "Haiei guztiei eskaini gura diet Alderdi Popularretik egiten gabiltzan lana", adierazi du. Horrez gain, ordezkari popularrak "Durangon terrorismoak eraildako biktima bakoitzak bere plaka propioa izatea" gura du, eta neurri hori bultzatuko du udalean, "datozen asteetan". Garcíak adierazi duenez, "9 dira terrorismoak Durangon hildako herritarrak, eta beste 4 udalerritik kanpora eraildako durangarrak". "Horiek guztiek leku esanguratsu bat behar dute gure udalerrian", gaineratu du.