“Gatazkaren ondorioak ez dira dispertsioaren amaieragaz amaitu; Durangaldea horren isla garbia da”

Ekaitz Herrera 2024ko mai. 30a, 20:00

Sarek euskal presoen eta iheslarien etxeratzean eragiteko kanpaina berria hasiko du gaur: Durangaldean 182 urte zain... Arratsaldean eskualdeko herririk gehienetan aurkeztuko dute, hileko azken barikuagaz bat eginda.

Izan ere, Miren Erdoiza Durangoko Sareko kideak azpimarratu duenez, "gatazkaren ondorioak ez dira dispertsioaren amaieragaz amaitu", eta "Durangaldea errealitate horren isla garbia da". Presoen eskubideen aldeko mugimenduak dioenez, "eskualdean bederatzi euskal preso eta iheslari bat" daude, "eta bederatzi presoetatik zazpik 20 urtetik gorako kondenak bete dituzte jada. Guztiek espetxean emandako denbora batzen badugu, 182 urtetara heltzen gara. Eta honek ez du amaierarik, salbuespen legediak hor jarraitzen du eta. Izan ere, zain jarraitzen dugu dagozkien eskubideak bermatzeko, euren osasuna bermatzeko, etxeratzea bermatzeko eta kartzelatik irtendakoan lan mundura sartzeko aukera bermatzeko", azaldu du Erdoizak. Euskal preso bakoitzaren egoera laburbiltzen duten kartelak ipiniko dituzte sare sozialetan eta herrietako kaleetan. Horrez gainera, Etxera Egunak antolatuko dituzte herrietako jaietan. 

Salbuespen legeak

Txema Matanzas euskal presoen abokatua da, eta, bere esanetan, eskualdeko presoen soslaiak Euskal Herriko presoen egoeraren erakusgarri dira. "Badira laster kalera irtetea lortuko duten presoak, badira apur bat gehiago itxaron eta poliki-poliki irtengo direnak, eta badira salbuespen legeen alderik mingarrienek bete-betean eragindako presoak. Azken hauen kasuan, oztopo nagusi bi ditugu: Estatu frantsesean beteriko kondena urteak aintzat hartzea debekatzen duen legea eta kondena urteak azkeneraino luzatzea ahalbidetzen duen legea". Aipaturikoez gainera, Erdoizak beste arazo batzuk ere badirela azaldu du. "Durangaldean emakume preso bi ditugu, eta kontuan hartu behar dugu kartzela, gizartea lez, instituzio matxista bat dela. Emakume presoek gatxago dute lana lortzea, lanbide batean lekua egitea edo ikasketa batzuk egitea. Gero, baditugu osasun patologiak dituzten presoak, eta baita adin txikikoen guraso direnak ere. Oinarrizko eskubideei buruz berbetan gabiltza", nabarmendu du Erdoizak. "Izan ere, problematika ez da kondena luzeetara bakarrik mugatzen. Kondenek beste hainbat arazo dituzte barruan. Eta errealitate hau Euskal Herriko gainerako presoengan ere badagoen arren, Durangaldean kasuistika zabal bat dugu".  Matanzasek herritarrak kanpainagaz bat egin eta kalera irtetera animatu ditu: "Izan ere, jada berandu da", dio. Erdoizak gaineratu duenez, "hau ez da presoen eta haien senideen auzia bakarrik. Gizarte osoari eragiten dion egoera da". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!