Miren Gorrotxategik Eusko Legebiltzarra utzi eta EHUko lanari berrekingo dio

Anboto 2024ko mai. 13a, 11:58

Adierazi duenez, Elkarrekin Podemosen eta Sumar alderdiaren arteko zatiketak "porrot elektorala" eragin du. Aurrerantzean, "ezkerra berriro ere batzeko" lan egin beharko dela iritzi dio.

Elkarrekin Podemosek ez zuen ordezkaritzarik lortu apirilaren 21ean egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hori dela eta, alderdi moreko Miren Gorrotxategi bozeramailea EHUra itzuliko da, bertan zeukan lanpostura. Adierazi duenez, Elkarrekin Podemosen eta Sumar alderdiaren arteko zatiketak "porrot elektorala" eragin du. Aurrerantzean, "ezkerra berriro ere batzeko" lan egin beharko dela iritzi dio.

"Legebiltzarkide izateari utziko diot gaur, eta Euskal Herriko Unibertsitatera bueltatuko naiz. Handik jarraituko dut lanean, justiziarako eskubidea eta anaitasunean oinarrituriko askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak izan daitezen", gaineratu du Gorrotxategik. 

Legebiltzarrean egindako azken urteetako balantze positiboa egin du orain arte bozeramailea izan denak. Gainera, eskari sozialak kalera ateratzen dituzten eragile eta norbanakoak izan ditu ahotan. "Euskadin ehunka lagun antolatzen da sistemaren arrakalak, instituzioen utzikeria eta gobernu bideragarri eta justuak" aldarrikatzeko. "Horiek guztiek egiazko Euskadiren minak, erronkak eta aukerak adierazten dituzte. Asko dago egiteko, baina egin daitezke", adierazi du Gorrotxategik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!