1989. urtea mugarria izan zen Durangoko euskaltzaleentzat. Urte hartan sortu zen Berbaro elkartea, euskaraz bizitzeko zegoen zailtasunagaz kezkatutako aktibista batzuen eskutik, herria euskalduntzeko helburuagaz. "Berbaz berba eta aroz aro egin dugu aurrera, hamaika proiektu eta saltsatan murgilduta. Euskararentzat uneak eta guneak sortzen. Ez garela menpeko perpausa erakutsi dugu: haurrekin, gazteekin zein helduekin sortu ditugun hamaika proiektutan", esan dute euskara elkartetik.
Bada, aurten, 35 urteko ibilbidea beteko dutela-eta, urtemugarako aproposa den lema aukeratu dute: Bagara nor. "Hori da 35. urteurrena ospatzeko hautatu dugun leloa. Euskaraz bizitzeko eta euskararen alde lan egiteko harrotasun eta aldarrikapenean jarri nahi dugu arreta: euskaldunok bagara nor, euskaltzaleak bagara nor eta berbarotarrak bagara nor", azaldu dute elkartetik.
Data gordetzeko deia
Berbarok maiatzaren 31n ospatuko du bere 35. urteurrena. Hori dela eta, eguna agendan blokeatzera deitu dute: "Egun zehatz batean zentratuko dugu urteurreneko ospakizuna eta Durangoko euskaltzale guztien eguna izan nahi du ospakizun egunak".