[ARGAZKI GALERIA]: Euskarak duen ahozko altxorrik ugariena Plateruenean ikusgai

Ekaitz Herrera 2024ko api. 24a, 10:28

Euskaltzaindiak eta Durangoko Udalak Euskara ibiltaria erakusketa interaktiboa zabaldu dute. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako 50 bat mapa ikusgai ipini dituzte, ukitzekoa, entzutekoa eta usaintzekoa ere baden erakusketa honetan.

Arin Durangaldean, Agudo Debagoienean, Fite Lapurdin eta Nafarroa Beherean, eta Zalhü Zuberoan. Hara hor Azkar berba esateko hainbat era baliokide Euskal Herriko luze zabalean. Gauza bera gertatzen da Artazi berbagaz. Artasi diogu Bizkaiko ingurune honetan, baina Kurexa Mezkiritzen (Erroibar), Aixtur Mugerren (Lapurdi) eta Haixtür Montorin (Zuberoa). Eta halantxik, objektu, esapide, tresna edo animalia beraren bateko zein besteko aldaerak han-hemenka jasota ondu du Euskaltzaindiak, Durangoko Plateruena Kultur Aterpean aurkeztu duten erakusketa: Euskara ibiltaria.

Erakusketan hizkuntzak herri batetik bestera eta eskualde batetik bestera dituen aldaerak jaso dituzte 50 bat mapa baliatuta. Hori bai, aurkezturikoa ez da ikusmenera mugatzen; paneletako batzuetan askotariko esapideak entzun, eta elementuak usaindu zein dastatu ahalko dira-eta. 

80ko hamarkadatik honako lana

Erakusketa Durangora atzo iritsi bazen ere, Ikerlan honen guztiaren sorburua ulertzeko 80eko hamarkadara egin behar da atzera. Adolfo Arejita  euskaltzain eta hizkuntzalariak garai hartan ekin zion Euskararen Herri Hizkeren Atlasa gidatzeari. Euskal Herriko 145 herritan jaso zituzten ahozko testigantzak, 319 herritarri ia 3.000 galdera egin eta 5.000 ordutik gorako elkarrizketak batuta. Osaturikoa, beraz, 1987 eta 1992 artean jasotako ahozkotasunaren ispilu da. Baserri eta itsaso giroko mundu ikuskeratik jasotako lexikoari dagokio nagusiki. Erakusketan, "Egurra", "Ostadar", "Kirikiño", "Tximeleta", "Gatz" edo "Azeri" lako berben askotariko adierak plazaratuta. 

Aritz Abaroa Euskaltzaindiko teknikariak azaldu duenez, hizkuntzaren akademiak 2015an egin zuen Euskara ibiltaria erakusketaren lehenengo aurkezpena. Beasainen egin zuen, mapak paperezko horma-irudietan jasota. Baina 2019an, hizkuntzaren akademiak mendeurrena bete zuenean, pauso bat gehiago ematea erabaki zuten, eta atzotik Plateruenean ikusgai dagoen erakusketa interaktiboa sortu. Bermeo, Gasteiz, Donostia eta Bilboko Euskal Museoa bisitatu ostean, Durangaldera ekarri dute lan guztia, era digitalean.

Ordezkaritza zabala

Erakusketaren inaugurazio ekitaldian Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita euskaltzain eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren bultzatzaileak eta Alvaro Parrok, Laboral Kutxako Bizkaiko komunikazio arduradunak, parte hartu zuten. Laboral Kutxa da, hain zuzen ere, erakusketaren babesle.

Ekitaldira gerturaturikoen artean eskualdeko ordezkari eta eragile ugari egon zen. Tartean, Euskaltzaindiko idazkariorde eta Garaiko alkate Erramun Osa, Mankomunitateko presidente Idoia Otaduy, Zaldibarko alkate Eneritz Azpitarte, Durangoko udaleko euskara teknikariak, Berbaroko ordezkariak eta ikastetxeetako kideak. 

Ordutegia eta bisita gidatuak

Euskara ibiltaria maiatzaren 15era arte egongo da Plateruenean ikusgai. Eguenetatik zapatura bitartean egongo da zabalik, honako ordutegi hauetan:

  • Eguenak eta barikuak: 17:00 - 19:00.
  • Zapatuak: 10:30 - 13:30.

Bisita gidatuak ere antolatu dituzte. Honako hauek izango dira:

  • Apirilaren 27an (zapatua): 11:30 (euskaraz), 12:30 (gaztelaniaz).
  • Maiatzaren 3an (barikua): 18:00etan (gaztelaniaz).
  • Maiatzaren 9an (eguena): 18:00etan (euskaraz).

Bertaratu nahi duen orok Durangoko turismo bulegoan eman beharko du izena. 946033938 telefono zenbakira ere deitu daiteke, edo turismo@durango.eus posta elektronikora idatzi.

ESANAK:

  • Mireia Elkoroiribe (Durangoko alkatea): "Gu guztion ardura da euskara aldarrikatu, bizirik mantendu eta erabilera bultzatzea. Erakusketak horretarako aukera paregabea eskaintzen du. Herritarrak eta eskualdeko herritarrak deitu gura nituzke hizkuntza balioetsi eta sustatzera".
  • Andres Urrutia (Euskaltzainburua): "Erakusketa hau atlas linguistiko batetik harago doa. Kultura eta soziolinguistika ere bada. Durangon izatea ohore eta aukera bat da etorkizunean horrelako gehiago egin ahal izateko".
  • Adolfo Arejita (Hizkuntza Atlasaren zuzendaria): "Hizkuntza Atlasa lantzen hasi ginenean euskal hiztunek altxor hori eman ziguten eta Euskaltzaindiak, orain, gizarteari itzuli nahiko lioke. Hori da, besteak beste, erakusketaren helburua".
  • Alvaro Parro (Laboral Kutxa): "1977an hasi ginen Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Euskararen Liburu Zuria kleratuta. Izugarria da handik Herri Hizkeren Atlaseraino egindako bilakaera".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!