Euskal Herrian Euskarazek 'Harrotze Astea' aurkeztuko du bihar Durangon

Ekaitz Herrera 2024ko api. 9a, 20:09

Euskal Herrian Euskarazeko kideek Durangon egindako agerraldi bat.

Harrotze Astea apirilaren 22tik apirilaren 28ra egingo da Euskal Herriko luze zabalean. Egitasmoari buruzko informazioa eguazten honetan emango dute, San Agustin Kulturgunean egingo den aurkezpenean. 18:30etan izango da.

Euskal Herrian Euskarazek Harrotze Astea egingo du apirilaren 22tik 28ra. Elkarteak Euskal Herriko hainbat herritara eramango ditu euskararen ahalduntzea helburu duten egitasmoak. "Egitasmo nazionalak antolatzeaz aparte, beharrezkoa da tokian tokiko ekintzak eta mobilizazioak egitea. Argi dugu euskararen aldeko dinamikak kaleratu behar ditugula. Euskarak kalean egon behar du, eta kalera irtengo dugu eskualde bakoitzean, herri bakoitzean, dauden gabeziak mahaigaineratzeko. Euskalduna naiz eta harro nago lema oinarri hartuta, harrotze hori irudikatuko dugu", azaldu dute egitasmoaren bultzatzaileek. 

Euskal Herrian Euskarazek bihar emango ditu egitasmoari buruzko xehetasun guztiak. Tokian tokiko dinamikak, ekintzak eta mobilizazioak iragarriko ditu, besteak beste. Aurkezpen ekitaldia San Agustin Kulturgunean izango da, bihar, hilak 10, 18:30ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!