Lanbide Heziketako 130 ikaslek Bulgaria, Malta, Polonia eta beste hainbat herrialdetan egingo dituzte praktikak

Anboto 2024ko ots. 19a, 13:45

Praktikak atzerrian egingo dituzten ikasleak gaur Durangoko Maristak ikastetxean.

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteak (HETEL) Erasmus+ programari esker laster nazioarteko esperientziari ekingo dioten Euskadiko 130 ikasleak bildu ditu gaur, Durangoko Maristak ikastetxean.

Ikasle horietako 63 Bizkaikoak dira, 40 Gipuzkoakoak eta 27 Arabakoak. Denak oinarrizko, erdi edo goi mailako prestakuntza ziklo bateko bigarren mailan daude, eta 17 eta 21 urte bitartean dituzte. Martxotik ekainera bitartean arituko dira praktikak egiten atzerriko enpresetan, hala nola, Portugalen, Italian, Frantzian, Maltan eta Polonian.

HETELeko Erasmus programaren arduradunek, María Pandok eta Amaia Ibarluzeak, bidaiaren nondik-norakoak azaldu dizkiete gaur ikasleei, eta, batez ere, aukera hau aprobetxatzera animatu dituzte. "Programa horietan parte hartuta, ikasleek hizkuntza trebetasunak hobetu eta konfiantza, egokitzeko gaitasuna eta elkarlanerako joera sendotzen dute. Horrez gain, beren prestakuntza enpresen beharretara egokitzen dute, gero eta globalizatuago dagoen merkatu batean", azaldu dute ekimeneko sustatzaileek ohar batean.

Ekitaldi honetan Rural Kutxako arduradunek ere parte hartu dute; izan ere, goi-mailako Erasmus+ bekak SEPIEk finantzatzen ditu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Rural Kutxak diruz laguntzen dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!