Mankomunitateko Landue proiektuaren, Durangoko Udalaren eta Dendak Bai elkartearen artean, Durangoko tokiko negozioei begirako dekalogo bat sortu dute. Ostalariei, merkatariei eta zerbitzu enpresei euren negozioetan euskararen erabilera sustatzeko eta lehiakortasunean eragiteko erreminta praktiko bat eskaintzea da egitasmoaren helburua. Arlorik arlo, tresna sortu berriak irizpide praktikoak jasotzen ditu euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko. Adibidez, honako atal hauek batu dituzte: irudia eta errotulazioa, inguru digitalak eta herritarren arteko hartu-emanak.
Esperientzien trukaketa
Dekalogoa gaur aurkeztu dute, Durangoko Elkartegian. Besteak beste, Durangaldeko establezimendu batzuetan eginiko lanak azaldu dituzte. Horrez gainera, On Ekin nutrizio etxeak eta Saltsan katerin etxeak euren eguneroko jardueran eta sare sozialetan euskara lantzeko dituzten metodoak kontatu dituzte. Ekitaldiaren amaieran, Bizkaiko Foru Aldunditik, Mankomunitatetik eta udaletik eskuragarri dauden diru laguntzen gaineko informazioa plazaratu dute.