Sortu alderdiak Plaza Hutsa izeneko jardunaldia egin zuen zapatuan Durangon. Alderdi politikoak urtero-urtero egin ohi duen egitasmoa da, militanteen artean herrigintzari buruzko gogoetak partekatzea helburu duena. Alderdiak ohar batean jakinarazi duenez, Plateruenean egindako solasaldi nagusian zein herriko beste hainbat puntutan egindako tailerretan 400 kide baino gehiago batu ziren. Sortuko kideen arabera, "balio eta printzipioen eraldaketa bultzatzeko garaia" da honako hau, eta zeregin horretan "ezinbesteko tresna izango da herrigintza".
Sortuk herrigintzari begirako zazpi eremu estrategiko zehaztu zituen azken kongresuan. Hain zuzen ere, atal horietako bakoitzarekin egin zituzten tailerrak Durangon. Honako hauekin: jatorri eta kultur aniztasuna, euskara, ekologia, feminismoa, hezkuntza, etxebizitza eta herrigintza eraldatzailea. Alderdi politikoak aurreratu du "aldaketa politikoa bizkortzeko" lan egingo duela, "herrigintzaren bidez balioen sakoneko eta erroko eraldaketa bultzatuz". Besteak beste, "migrazioari buruzko proposamen estrategikoaren lehen mugarria" ipini eta "euskal sozialismoaren oinarriak gaurkotzeko gogoetaren zirriborroa" garatu zituztela adierazi dute.