Ima Garrastatxu Urbaneja EH Bilduren zerrendaburua izatea proposatu die Bizkaiko Mahai Politikoak bere oinarriei

Joseba Derteano 2024ko ots. 5a, 09:05

Horrela, Bizkaiko Mahai Politikoak berretsi egin du Hegoaldeko Mahai Politikoak Garrastatxu zerrendaburu izateko egindako proposamena.

Ima Garrastatxu Urbaneja Durangoko alkate izandakoa eta gaur egungo zinegotzia izango da EH Bilduren Bizkaiko zerrendaburua Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ezker subiranistaren oinarriek herrialdeko Mahai Politikoaren proposamena berresten badute. Halaxe jakinarazi du EH Bilduk ohar batean. Horrela, Bizkaiko Mahai Politikoak berretsi egin du Hegoaldeko Mahai Politikoak Garrastatxu zerrendaburu izateko egindako proposamena.

Ima Garrastatxu Urbaneja (Trapagaran, 1963) Durangoko alkatea izan zen aurreko legealdian (2019-2023), eta koalizio gobernua osatu zuen Podemosekin lotutako tokiko hautagaitza batekin. Garrastatxu buru zuen hautagaitzak igoera garrantzitsua lortu zuen Durangon.

Iazko udal hauteskundeetan, Garrastatxu buru zuen EH Bilduren hautagaitzak irabazi zituen udal hauteskundeak eta bi zinegotzi gehiago lortu zituen. Hala ere, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoek alkatetzarik gabe utzi zuen EH Bildu, eta oposizioaren buru bihurtu zen Garrastatxu Durangoko Udalean. "Kudeaketa gaitasun eta esperientzia frogatua duen pertsona, bere alkate ibilbidean akordioak lortzeko gaitasun handia izateagatik eta herritarrei atxikitako beste gobernantza eredu bat sustatzeagatik nabarmendu zen, udalerriko hirigintza proiekturik handienaren izaera erabakitzeko egindako herri kontsultak erakusten duen bezala", azaldu dute..

Ima Garrastatxu Urbaneja Informazio Zientzietan lizentziaduna da kazetaritza adarrean Euskal Herriko Unibertsitatetik. SOT publizitate agentziaren sortzaileetako bat da, eta sektoreko hainbat enpresatan lan egin du. Administrazio publikoko oposizioetara aurkeztu ondoren, hainbat erakundetan lan egin du, hala nola Iurretako Udalean, Bergarako emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegian eta Bizkaiko Tutoretza Erakundean.

Gaur egun, karrerako funtzionarioa da Bizkaiko Foru Aldundian, Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailean.

Abian da hautagaiak aurkezteko eta Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko zerrenda egiteko epea. Bihar arte, otsailak 6, izenak proposatu daitezke. Zerrenda berresteko bozketa otsailaren 15, 16 eta 17an egingo da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!