“Hirukoa lehiaketak euskaraz jolasteko tarte saltsero eta dibertigarri bat eskaintzen du”

Ekaitz Herrera 2024ko urt. 19a, 14:00

Hirukoa lehiaketaren bosgarren edizioa jokatuko da gaur Plateruena Kultur Aterpean, 19:30ean. Gorka Madrazo Ortuzar (Zaldibar, 1987) eta Alazne Arando Guezala (Elorrio, 1997) lehiaketa dinamizatzeko lanetan ibiliko dira.

Telebista lehiaketen pareko saioa, baina kameretatik eta zuzeneko seinaleetatik urruti. Trajeak eta makillajea behintzat prest izango dituzue?
Alazne Arando: Aurkezle lanetan egongo direnek baietz esango nuke, prest izango dituztela trajeak!

Izan ere, zuetariko bakoitzak zein betebehar izango du lehiaketan?
A.A.: Ni lehiaketako jolasak eta galderak prestatzen ibili naiz. Inskripzioak kudeatzen ibili naiz, eta iluntze honetako lehian taldeei arreta eskaintzeaz eta puntuak banatzeaz arduratuko naiz. 
Gorka Madrazo: Ni, ostera, Ilaski Serrano izango naiz! (barrez). Ez, ez, txantxa da. Ni neu izango naiz. Mirari Zugaza-artazagaz batera aurkeztuko dut lehiaketa. Denborak kontrolatzea eta lehiakideak urduritzea eta xaxatzea izango da gure lana.

Hirukoak bosgarren urtea du. Egongo da nobedaderik?
G.M.: Bai, joko berriak izango ditugu. Batzuk iazko ediziokoen antzekoak izango dira. Beste batzuk, ostera, berriak. Esan dezakegu dibertigarri bezain gatx datozela probak.

Proba gatxak prestatu dituzue, beraz.
A.A.: Bai. Batzuk gatxak izan daitezke. Denerik egongo da. Proba musikalak, ikusmenagaz jolasteko probak, abileziari loturiko probaren bat, idatzizkoak...
G.M.: Bai, idatzizkoak ere bai. Beraz, EGAko atariko proban fin moldatzen denak etekina atera ahalko dio proba horri!

Parte hartzeko grina handitzen doa urterik urtera?
A.A.: Bai, bai. Pike sanoa dago, gainera. Askok galdetu izan digute kalean ea aurtengo edizioa noiz eta zelan egingo zen. Jendea animatuta dabil. Iaz, adibidez, 18 talde izan genituen. Aurten muga bat ipini dugu. Gehienez ere 20 taldek parte hartuko dute. Aurreko edizioa, adibidez, egundokoa izan zen. Oso indartsua. 

Zein da zuen iritziz Hirukoak betetzen duen funtzioa?
G.M.: Esango nuke euskaraz jolasteko tarte dibertigarri eta saltsero bat eskaintzen duela. Gertukoa da, lagun artekoa, giro polita sortzen duena.
A.A.: Hirukoteka jokatzen da, baina gainerako taldeekin hartu-emana egiteko ere balio du. Poteoan egon barik, gune dibertigarri bat sortu eta elkarregaz jolastea ahalbidetzen du. Gainera, jolastera etorri ez arren, herritarrek aukera dute ikusle lez etortzeko.

Zein mezu helaraziko zeniekete lehiakideei?
G.M.: Argi egoteko, inguruan gertatzen dabilenari adi begiratzeko. Boladan dauden azken kantak errepasatzeko, garai batekoak kontuan hartzeko. Berbaroko lantaldeak lan handia egin du probak prestatzen.
A.A.: Jolasteko grinagaz etortzeko esango nieke, gogotsu etortzeko. Beste kontu bat azkartasuna da, proba asko arin batean erantzutekoak dira eta. Bestalde, talde bakoitzak bere edaria ekarri beharko du, ez da taberna zerbitzurik egongo eta. Lehiaketako momentu batean geldiunetxo bat egingo dugu, luntx txiki baterako.

Hirukoa oinarri duen mahai-jolasa kaleratu eta salgai ipintzea baino ez zaizue falta.
G.M.: Aizu, ba ez da batere ideia txarra! Diru laguntzak kontsultatu beharko ditugu horrelakorik kaleratu dezakegun aztertzeko. Batek daki, Durangoko Azokarako aproposa izan daiteke. Edo Olentzerori eta Mari Domingiri eskatzeko modukoa ere bai (barrez).

Badaezpadako galdera despistatuentzat. Gogoratu data, lekua eta ordua.
G.M.: Hirukoa lehiaketa, gaur, 19:30ean, Plateruena Kultur Aterpean. Lehiara ez datorrenak ikusle legez etortzeko aukera du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!