Tren geltokiko lurretan "legez kanpoko obrak" egin direla dio Herriaren Eskubideak

Anboto 2024ko urt. 17a, 08:30

Talde independentearen arabera, "EAJk eta PSE-EEk 50.000 euro gastatu zituzten" lur horietan, "legezkoak ez diren obretan", jaietako barrakak ipini ahal izateko eremua atontzeari begira.

Durangoko jaien atarian, udalak lurzorua atontzeko hainbat lan egin zuen tren geltokiko orubean, bertan barrakak instalatu ahal izateko. Orain, Herriaren Eskubideak kexa agertu du, lanak "legez kanpokoak" izan zirela iritzita. Alderdi independenteak adierazi duenez, obra haiek "Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruaren legea urratzen dute. Ez dute betetzen lurren behin-behineko erabilerari loturiko atalean zehazten dena". Horrez gainera, Jorge Varela bozeramaileak esan duenez, "udalak ez zuen ezelako hitzarmenik sinatu ETSrekin, lurrak erabili ahal izateko".

"EAJk eta PSE-EEk euren alderdi interesak lehenetsi gura izan dituzte berriro ere, legeak urratuz eta herritarrentzako ondorioak kontuan hartu barik. Hori da euren gobernatzeko modua", kritikatu du. Herriaren Eskubideak gooratu du 2018an ipinitako salaketak 18 solairuko bost dorreen proiektua egiteko obrak geldiarazi zituela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!