Durangaldean osasun langileak falta direla kritikatu du Ahal Duguk

Anboto 2024ko urt. 16a, 09:49

"Eusko Jaurlaritzak Osakidetzara bideratutako aurrekontua handitzen duela erabiltzen du argudio gisa. Baina osasun aurrekontuak gora egiten badu ere, Lehen Mailako Arretara bideratutako aurrekontua murriztu egiten da", dio talde moreak.

Durangaldeko Ahal Dugu "kezkatuta" agertu da osasun zerbitzu publikoak eskualdean bizi duen egoerarekin. Osakidetza "odolusten" dabilela iritzi dio talde moreak, eta Jaurlaritzaren Kontingentzia Planean jasotako neurriak ikusita, arazoa "konpontzentik urrun" dagoela diote. "Plan horren arabera, oso zaila da ustekabeko absentzia medikoak betetzea, baina baita aurreikusitakoak ere," diote. Gaineratu dutenez, planak honako eremu hauek ere jaso beharko lituzke: "Hala nola Durangaldean dauden landa-eremuetako sakabanatze geografikoa edo demografia". Eremu horretan kokatu dituzte, "adinekoen, umeen eta gaixo kronikoen ehunekoak".

"Diru atala handitzea"

Durangaldeko Ahal Duguk "ezinbestekotzat" jo du Lehen Mailako Arretara bideratutako diru kopurua handitzea. "Eusko Jaurlaritzak Osakidetzara bideratutako aurrekontua handitzen duela erabiltzen du argudio gisa. Baina osasun aurrekontuak gora egiten badu ere, Lehen Mailako Arretara bideratutako aurrekontua murriztu egiten da", dio talde moreak.

Horri guztiari heltzeko asmoz, Elkarrekin Podemos - IU taldeak galdera sorta bat erregistratu du legebiltzarrean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!