Adinekoen foroa, enplegu plana eta komunitate energetikoak Durangoko aurrekontuen proposamenean

Anboto 2024ko urt. 11a, 15:03

Durangoko gobernu taldeak aurtengo ekitaldirako aurrekontuak negoziatu ditu oposizioko alderdiekin. Azken hauek aurkezturiko 13 emendakinetatik 7 txertatu dituzte behin-betiko proposamenean. Aurreikuspenen arabera, hil honen bukaeran egingo duten osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte kontuak.

Oposizioko alderdien emendakinetako batzuk jasota, Durangoko gobernu taldeak osatutzat eman ditu aurtengo aurrekontuak. Behin-betiko proposamena osoko bilkurara eraman eta eztabaidatzea baino ez da falta. Aurreikuspenen arabera, urtarrileko azken eguaztenean egingo dute eztabaida hori, udaletxean. Gobernu taldeak bertan onartu gura ditu 2024ko kontuak.

Kopuruei dagokienez, honako datu hau nabarmentzen da: udalak 42.943.000 euro izango ditu ekitaldi hau kudeatzeko. 2023an baino %2,47 gehiago. Edukiari buruz, berriz, honako proiektu hauek nabarmendu dituzte: adinekoentzako foro bat sortzea, Durango Kirolak zerbitzua indartzea, enplegu plana berritzea, Tabirako igerilekuetako aldagelak berritzeko proiektuari ekitea, Antso Estegiz kaleko irisgarritasuna hobetzea, Eguzkitzako industrialdea garatzea, indarkeria matxistaren aurka lan egiteko unitatea martxan jartzea eta herriko merkataritza zein turismoa sustatzea. Aurrekontuak "soilak" izango direla aurreratu arren, Josune Escota ogasun zinegotziak esan du "herritarren beharrizanei erantzutea" dutela helburu. "Tasak eta zergak izoztean, ezinbestekoa da aurrekontu soila eta neurritsua egitea, inbertsio gutxiagorekin, baina pertsonak erdigunean jartzen dituena. Zentzu honetan, oposizioak aurkeztutako emendakinek gure erabakia berresten dute", adierazi du. 

"Ahalik eta adostuenak"

Gobernu taldeak oposizioko alderdiek egindako emendakinetako batzuk txertatu ditu aurrekontuetan. Alderdi bakoitzarekin batu dira, proposamenak entzun eta kontu "ahalik eta adostuenak" diseinatzeko. Herriaren Eskubideak osoko zuzenketa 5 emendakin aurkeztu ditu. EH Bilduk beste 5 emendakin proposatu ditu, eta hiru PPk. Gobernu taldeak horietako guztietako 7 onartu ditu. Honako hauek:

EH Bilduk proposaturiko Durango kardiobabestua (41.300 euro), Komunitate energetikoak (100.000 euro) eta hezkuntza foroa (20.000 euro). Herriaren Eskubideak aurkezturiko Udako zinema (10.000 euro) eta Alderdi Popularrak proposaturiko adinekoen zentroko igogailua konpoontzea (20.000 euro), udaltzaingoarentzat taser pistola erostea (10.000 euro) eta herri autobusaren aurreproiektua egitea (9.000 euro). 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!