Euskal Herriko Kontseilu Sozialista aurkeztu dute Durangon

Anboto 2024ko urt. 10a, 09:14

Zazpi puntuko programa politikoa aurkeztu dute: "Bizitzaren garestitzea, gerra, estatu autoritarismoa, ekosistemen suntsiketa, emakume langileen zapalkuntza, autodeterminazioa eta amnistia" izango dituzte lan ildo nagusi.

Eibarko Astelena pilotalekuan egindako agerraldia eta gero, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) bere proposamen politikoa aurkeztu du Durangon. Agerraldia joan zen eguenean, urtarrilaren 4an, egin zuten San Antonio ikastetxeko aretoan. Antolakunde politiko berriak bere proposamena aurkeztu zuen bertaratutakoen aurrean. Adierazi zutenez, "langile klasearen interesak defendatzeko borroka tresnak eta komunismoa hegemoniko egiteko lan politikoa uztartu" gura dituzte. Horretarako, hainbat lan ildo nagusi jaso dituzte eskaintza politikoan. Besteak beste, honako hauek: "bizitzaren garestitzea, gerra eta NATO, estatu-autoritarismoa eta faxismoa, ekosistemen suntsiketa, emakume langileon zapalkuntza, autodeterminazioa eta amnistia".

Hori guztia Estrategia sozialista berria argitalpenean jaso dute. Dokumentu horretan, "koiuntura historikoaren irakurketa eta mugimenduaren ikuskera estrategikoa" aletu dituzte. Argitalpenak www.gedar.eus atarian eskuratu daitezkeela azaldu dute.

Bestalde, gaineratu dute Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak tresna bi dituela martxan Durangaldean: Laneko Autodefentsa Sarea eta Etxebizitza Sindikatua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!