Durangon Udal Araudi berria sartu dute indarrean

Ekaitz Herrera 2023ko abe. 22a, 11:38

EH Bilduk kritikatu duenez, udal barruko funtzionamendu irizpideetan, "euskara, lehenetsia egotetik gazteleraren maila berean egotera" pasako da. Araudiak EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin egin du aurrera.

Durangoko Udalak bere barne funtzionamendua antolatzeko araudi berria sartu du indarrean (ROM bezala ezagutzen dena). Araudi horretan definitu dituzte, besteak beste, osoko bilkuretako hitz hartzeetako denbora mugak, interbentzio kopuruak, mozioak edo eskariak aurkezteko irizpideak, auzoetako ordezkariei eta politikarien soldatei buruzko irizpideak, eta barne funtzionamenduari loturiko hizkuntza irizpideak.

Azken puntu hau dela eta, oso kritiko agertu da EH Bildu, euskarari dagokionez "atzera pausoa" ematen delakoan. Orain arteko araudiak euskara ipintzen zuen lehentasunezko hizkuntza modura, baina testu berriak gazteleraren maila berean kokatuko du hizkuntza gutxitua. EH Bilduren iritziz, "ez da bidezkoa" euskarari eta gaztelerari "tratu bera" ematea, eta "harrigarritzat" jo du "euskararen kontrako oldarraldi betean EAJk atzerapauso hau onartu izana, PSE-EEri eta PPri men eginez". Josune Escota jeltzaleak kritika horiei erantzun zien udalbatzan. Zinegotziak onartu zuenez, "hizkuntza biak berdin-berdin" tratatzeko asmoa jasotzen du testuak, eta "euskarari ez zaio lehentasunik ematen". Baina ordezkari jeltzaleak argitu du euskara "bermatuta" dagoela, eta EAJk "lehentasun" modura hartuko duela hizkuntza gutxitua. 

Koalizio subiranistak egindako beste kritika bat auzoetako ordezkariei eta politikarien soldatei buruzkoa da. Araudi berriak "auzo zinegotzien figura deuseztu" duela, eta "alkatearen soldataren igoerari mugarik ipintzen ez diola" iritzi diote.

Herriaren Eskubideak kritikatu du araudi berria gobernu taldeko alderdien irizipideak "inposatzeko" tresna dela. "Kontsentsu barik" onarturiko araudia dela gaineratu du Jorge Varela zinegotziak, "oposizioko alderdien eskubideak murrizten" dituena.

Bigarrena aurten

Honako hau da Durangoko Udalak Araudi Organikoa aurten diseinatzen duen bigarren aldia. Legegintzaldia amaitzear zela, aurreko gobernu taldeak egin zuen lehenengoa. Boterera ailegatuta, egungo gobernu taldeak indargabetu egin zuen arau hura, eta bigarren hau landu du oposizioko alderdiekin. EH Bilduk 12 emendakin aurkeztu zituen, eta euretako zortzi testu berrian geratu dira islatuta. Herriaren Eskubideak osoko zuzenketa aurkeztu dio araudiari, baina aukera horrek ez du aurrera egin. Dena dela, talde independenteak zortzi emendakin ere aurkeztu zituen. Horietako bi behin-betiko testuan jasota geratu dira. 

EH Bilduk eta EAJk 15na minutuz berba egin ahalko dute eztabaidetako lehenengo errondan. Hamar minutuz PSE-EEk, Herriaren Eskubideak eta PPk. Bigarren errondan, 10 minutuz jardun ahal izango dute alderdi nagusiek, eta 5 minutuz ordezkaritza txikiagoa dutenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!