Ideia, gero etorriko den guztiaren sorburua. Ideia funtsezkoa da, baina bidearen hasiera baino ez da. Gero baliabideak behar dira errealitatera eramateko. Horixe du helburu Maristak Durango ikastetxeak abiatu duen lehiaketa berriak, Durangaldean ideia teknologiko interesgarri bat duenari berau aurrera eramateko erramintak eskaintzea.
'Ekintzailetza teknologikoa Durangaldean' proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektuaren helburuak honako hauek dira: eskualdeko berrikuntza sustatzea, garapen ekonomikoa bultzatzea, eta 'Urratsbat' programaren bidez enpresa ekosistema teknologikoa sustatzea.
Lehiaketa "Durangaldean bizi diren eta teknologiaren arloan espiritu ekintzailea duten pertsona egonezin eta grinatsu guztiei" bideratuta dago ikastetxeak ohar batean informatu duenez. "Ez du axola ikasle sortzailea, profesional esperientziaduna edo ideia berritzaile bat duen norbait zaren; lehiaketa honek tokiko berrikuntza bultzatzen duen ekimen batean parte hartzera gonbidatzen zaitu".
Parte hartzeko, bideo eta dosier batean bidali behar da ideia. "Ez kezkatu xehetasun guztiak argi ez badituzu oraindik; benetan baloratzen duguna da, zure ikuspegi sortzailea eta zure ideiak gure komunitatean nola lagun dezakeen. Hasierako kontzeptu bat, garatzen ari den negozio-plan bat izan ere, hemen gaude zuri laguntzeko eta aurrera egiten laguntzeko", azaldu dute.
Izena emateko epea abenduaren 23ra artekoa da. Proiektuak banaka nahiz taldeka aurkeztu daitezke, guztiak adin nagusikoak izanik. Irabazleak 2.000 euro jasoko ditu eta bere proiektua aurrera eramateko laguntza izango du.
Ekimenari buruzko xehatasunak eta baldintza guztiak LOTURA HONETAN eskuratu daitezke.