Carlos Garciak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunak bertan behera uzteko eskatu du

Ekaitz Herrera 2023ko abe. 12a, 15:06

Salaketa ipini eta emanaldiak bertan behera utzi daitezen eskatu du "kautelazko neurri" modura. Zinegotzi popularraren eskariak Porrotx pailazoak joan zen zapatuan Sare plataformaren alde egindako ekitaldia du oinarri. Bertan, "Adinbakoen Babeserako Legea urratu" zela iritzi dio Garcíak.

Carlos Garcíak, Durangoko PPko zinegotziak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldiak bertan behera uztea eskatu du "kautelazko neurri modura." Kontua zapatutik dator, Porrotx pailazoak Sare plataformaren aldeko ekitaldi batean parte hartu baitzuen. Landako Gunearen ondoan egindako Kultur Giltzak ekitaldian, hain zuzen ere. Bertan, Porrotx pailazoak "Adinbakoen Babeserako Legea urratu" zuela iritzi dio Garciak . Zinegotzi popularraren iritziz, "ekitaldi hartan gertatu zena larria da, pailazoak ume ugariren aurrean Presoak kalera! moduko mezuak zabaldu zituelako. Adinez nagusiak direnei gura duzuna esan diezaiekezu, adierazpen askatasunaren izenean edo dagokion eran. Gurasoek haien ideiak izan ditzakete. Baina umeengana horrela zuzentzea, ideia horiekin zuzentzea, oso larria da. Ez da onargarria. Nik kargu politiko hau nuen, eta argi daukat legea betearaztea dagokidala", azaldu dio Garcíak ANBOTOri. Durangon izandako ekitaldia "Euskadiko beste hainbat lekutan errepikatu" daitekeela iritzita, zinegotzi popularrak Pirritx, Porrotx eta Marimototsek halakorik egitea debekatzea eskatu du "kautelazko neurri" modura.   

Garcíak egindako eskari honen berri Durangoko Gabonetako egitaraua kaleratu eta biharamunean jakin da. Izan ere, atzo, udalak eta herriko elkarteek eguberrietako egitaraua aurkeztu zuten, eta bertan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldi bikoitz bat egitea dago aurreikusia. Zinegotzi popularrak argitu du salaketa Sareren ekitaldiari zor zaiola; ez pailazoen eskaintzekoa duten ikuskizunari. Baina edozelan ere, Garcíak onartu du pailazoen ikuskizuna udalerrian egiteak ez diola "ezelako graziarik egiten". "Ez dakit. Beharbada horri buruzko erabakiak datozen egunetan hartuko ditut. Ez dakit. Egin dutena egin eta gero ez dakit ikuskizuna Durangon taularatu beharko luketen", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!