Jarkik Espainiako konstituzioaren kontrako manifestazioa egingo du Durangon

Anboto 2023ko abe. 5a, 19:44

Jarkiren kartel bat Durangoko kaleetan. Artxiboa.

Bihar, abenduak 6, egingo dute. Mobilizazioak Landako Gunearen ondoko tximiniatik irtengo du 18:00etan.

Jarki antolakundeak Espainiako konstituzioaren kontrako manifestazioa egingo du bihar. Antolakundeak ohar batean adierazi duenez, Euskal Herriaren banaketa administratiboak "burgesiaren leialtasuna bermatzen du, azken horri bere interes ekonomikoen eta politikoen neurrirako marko instituzionala" eskaintzen diolako. Jarkiren iritziz, "euskal burgesiak autonomismoak eskaintzen duen botere kuota" baliatzen du, horrekin "askatasun irudia elkikatu" eta "langileak otzantzeko". 

Hori dela eta, "burujabetza handitzeari" edo "autonomismoan sakontzeari" uztera, eta Espainiako konstutizioaren aurrean "apurketa" egitera deitu dute. Euren esanetan, "langileen eskutik sortutako kontraboterea" izango da "apurketa" hori eragingo duena. Hortik sortuko delako, beti ere Jarkiren esanetan, "euskal estatu independente eta sozialista". 

Ohar berean, banaketa administratiboak euskaran duen eragina ere aipatu du Jarkik: "Azken hilabeteetako epaiez harago, egun Euskal Herriak bizi duen diglosia egoera, euskarak autonomia erkidego bakoitzean duen onarpenetik eta horretan oinarritutako estatus juridikotik eratorrirria da". Joera horrek "bertako langile klasearen azpiratzea betikotu" egiten duela gaineratu dute.

Manifestazioak 18:00etan irtengo du Landako Gunearen ondoko tximiniatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!