[BIDEOA]: Sarek 'Kultur Giltzak' ekitaldia egingo du abenduaren 9an Durangon

Anboto 2023ko abe. 4a, 14:22

Abenduaren 9an, kultur sortzaileek Konponbiderako Giltzak manifestua irakurriko dute Landako Gunearen ondoan. Ekitaldia 13:00etan izango da. Hori baino lehen, 10:00etatik aurrera, argazkiak aterako dituzte dinamikara baturiko kulturgileekin. Dinamikara batu direnen artean, Jakoba Errekondo, Ines Osinaga, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Porrotx eta Maitane Azurmendi daude.

Sarek, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldeko plataformak, egitasmo bat egingo du Durangon, Konponbiderako Giltzak dinamikaren baitan: Kultur Giltzak. Bertan, sortzaileek eta eragile kulturalek atxikimendua adieraziko diote Konponbiderako Giltzak manifestuari.

Sarek urrian aurkeztu zuen dinamika berria, Gernikan. Bertan baturiko eragile sozial eta politikoek manifestu bat kaleratu zuten, gauza askoren artean honako hau jasota: "Euskal gizarteak berak izan behar du, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, preso horiek beren etxeetara nola itzultzen diren erabakiko duen partaide nagusia. Salbuespenei amaiera eman nahi zaie, eta espetxe-politika arrunta aplikatuta, etxera itzultzeko bide hori irekitzen joan, kasu askotan 25 urte baino gehiagoko askatasun-gabetzearen ondoren".

Abenduaren 9an, kultur sortzaileek manifestu osoa irakurriko dute Landako Gunearen ondoan. Ekitaldia 13:00etan izango da. Hori baino lehen, 10:00etatik aurrera argazkiak aterako dituzte dinamikara baturiko kulturgileekin. Besteak beste, honako kultur sortzaile hauek batu dira Sareren egitasmora: Amets Aranguren, Igor Elortza, Lide Hernando, Jakoba Errekondo, Lova Lois, Unai Iturriaga, Gaizka Chamizo, La Furia, Gorka Armendariz, Xabier Mendiguren, Joseba Beramendi “Exprai”, Maitane Azurmendi, Ines Osinaga eta Porrotx.

Urtarrilaren 13an Bilbon

Urtarrilaren 13an, Sarek manifestazioa egingo du Bilbon Euskal Herriko "bizikidetzaren alde aurrera egiten jarraitzeko". Kaleak "giltzez betetzera" deitu dute, "konponbidearen mesedetan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!