Herria egiteari trabak

Lotsagarria da elkartegintzari eta mugimendu sozialetan antolatzen den jendeari instituzio publikoetatik ematen zaien tratua.

Hemengo irakurle gehienek izango dituzue zuen esperientziak proiektu kolektiboetan. Aldizkari honen jatorria bera ere diru irabazi asmorik bako dedikazio militantean kokatzen da eta uste dut ukaezina dela gure hizkuntzak mugimendu sozial eta elkarteen bidez egindako lan nekaezinari esker biziraun duela. Euskalgintzan baditugu adibideak, baina beste horrenbeste aipatu genitzake feminismoan, ekologismoan, kirolean, literaturan, musikan, sindikalgintzan, antzerkian edo auzogintzan. Denok ezagutzen ditugu Berbaro, Bilgune Feminista, Andereak, Euskal Herrian Euskaraz, Gerediaga, Durangoko Azoka, Alpino, Ourdaiby, Karrika, Pentsionistak, Durangoko Txosnak, Herria, jai batzordeak, Geu be. Burura etorri zaizkidan lehenak aipatzearren.

Gai hau ekarri dut lerro hauetara, kezkaz bizi ditudalako legearen eta zibikotasunaren izenean hartzen diren neurriak. Mehatxuak, mespretxua, isunak, ez genituzke normalizatu behar. Itogarria eta batez ere nekagarria bihurtu da edozer antolatu edo aldarrikatzea.

Errespetatu dezagun esparru ezberdinetan egiten den lana eta baloratu ditzagun lan hau egiten duten pertsonak, ez bakarrik omenaldietan. Jar ditzagun baliabide publikoak elkarte eta eragileen mesedetan, bultzatu dezagun antolakuntza eta ahaldundu ditzagun komunitateak. Gure herriak merezi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!