Durangoko udalbatzak Euskalgintzaren Kontseiluak antolaturiko manifestazioa babestu du iluntze honetan, EH Bilduren, EAJren eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin. Hiru alderdiek "kezkaz" bizi dute euskara biziberritzea helburu duten politiken kontra auzitegietatik iristen dabilen epai-sorta. Euren esanetan, "epaileak hizkuntza politikak egiten dabiltza, horretarako botere legegilea dutenen gainetik". Hain zuzen ere, "larritzat" jo dute euskara "zerbitzu eta lan hizkuntza dela dioten lege artikuluak indargabetzea". Horrenbestez, "hizkuntza eskubideen alde daudenak eta euskara biziberritzearen alde aktiboki dihardutenak" deitu dituzte Bilbon egitekoa den manifestazioan parte hartzera. "Durangoko Udala ere, euskararekin bat" esanda bukatu dute adierazpena.
Mobilizazioak Euskalduna jauregiaren paretik irtengo du arratsaldeko 17:00etan, eta antolatzaileen aurreikuspenen arabera, azken urteotan euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena izan daiteke datorren zapatukoa.
"Inposizioa"
Durangoko PSE-EEk eta PPk ez dute adierazpena babestu. "Erabaki judizialei errespetu osoa adierazi behar diegu. Ezin ditugu herritarrak erabaki horiek zalantzan ipintzen dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu", argudiatu du Jesica Ruiz sozialistak. Euskara "konfrontaziorako eta identitate konfrontaziorako tresna gisa" erabiltzeari utzi behar zaiola, eta hizkuntza eskubideak "inposiziorik barik" garatu behar direla defendatu du.
Carlos García zinegotzi popularrak ere ildo beretik egin du berba. "Hizkuntza politikak okerrak direla erakusten dute epai judizialek. Kaltegarriak dira herritarrentzat, eta kaltegarriak dira euskararentzat berarentzat, hain zuzen ere inposaketak direlako. Euskara da euskaldunen hizkuntza, baina inposaketak egiteak hizkuntzaren normalizazioa kaltetzea dakar", adierazi du Garcíak.