Zelan alkate karguan?
Ilusio eta gogo handiagaz, oso pozik aukera hau edukitzearren. Lau urtean lanean ibili gara alkatetza berreskuratzeko. Orain, lortu dugu, eta aurrera goaz.
Jaietan bete-betean sartuta zaudete. Lehenengo asteburu luzearen zein balorazio egiten duzu?
Oso balorazio positiboa. Parte hartze handia izan dugu ekitaldi guztietan. Eguraldiak lagundu egin du eta giro onean bizi izan ditugu jaietako lehenengo egunak. Egon dira gertaera batzuk. Zezenak Diran, esate baterako, istripua gertatu zen, eta goitibeheren jaitsieran ere istripu bat izan zen. Lapurreta batzuk ere gertatu dira, baina orokorrean oso balorazio positiboa egiten dugu parte hartzearen, segurtasunaren eta zibismoaren aldetik.
Sokamuturrean errekara jausi zen pertsonaren osasun egoeraren inguruko berririk baduzu?
Ondo errekuperatzen dabil. Hiru orno apurtu zituen, baina ondo dago, zorionez.
Txosnaguneak gogor kritikatu du udalak ezarritako ordutegia, kartelak ipintzen ez uztea eta baita soinu-neurgailuen sistema ere.
Ipini den ordutegia txosnaguneari araudiaren arabera dagokiona da. Hau da, ostalaritzako bigarren taldeari dagokiona. Horixe da guk ezarri duguna, Goienkaleko taberna guztiek daukaten legez, 04:30era arte. Jaiak denok disfrutatzeko eta denok aprobetxatzeko izan behar dira. Kasu honetan, guk gure ostalaritza dugu, urte osoan zehar euren zergak ordaintzen dituztenak, eta hor daude 3. eta 4. taldekoak beste ordutegi zabalago bategaz. Beste urte batzuetan ere horrela izan da. Azkenengoan ez, baina aurreko urteetan ere tabernekin alderatzen zen. Uste dugu denok disfrutatzeko aukera egon dela. Soinu-neurgailuei dagokienez, legez muga batzuk bermatu behar dira soinu aldetik, eta horiek errespetatzea baino ez dugu eskatu. Kartelei dagokienez, txosna inguruan kartel mordoa dago. Ez dakit zein den kexa.
Durangoko proiektu nagusienetariko bat PERIa da, trenbide zaharreko eremuari dagokiona. Zein egoeratan dago?
Eremu hori jaietan erabili dugu lehenengoz, eta azpimarratzekoa da. Barrakak eta zezen plaza bertan ipintzea oso berri ona da. Harrera ona izan du eta lurzoru hori erabiltzen hastea pozgarria da. Orain, trenbidea bera errekuperatzeko akordioa lantzen gabiltza. Urte amaierarako prest izatea espero dugu, trazatu hori berreskuratzeko.
Zertan datza proiektua?
Trenbideko burdinak kenduta daude neurri handi batean, eta bide hori urbanizatzea geratzen da orain. Trenbidearen trazatuan bidegorri bat egingo dugu, oinezkoak eta bizikletak ibiltzeko. Ibilbide horregaz herri osoa lotzea da helburua. Faseka egingo dugu. Trazatu hori desafektatu egin da, trenbidearen erabileragaz lotuta zegoelako. Akordioa urte amaieran lotzea gura genuke, eta urte hasieran obrak hastea.
Eta tren geltoki zaharreko eremuan zein proiektu bultzatzen duzue?
Akordioa negoziatzen gabiltza, denontzat ona izan dadin. Etxebizitzak berdegune handi bat eta edifizio ekipamentala mantentzea gura genuke. Gaitasun Handiko Osasun Zentroa bertara eraman gura genuke. Hori guzti hori ahalbidetzen duen akordioa lortzeko bidean gaude. Horrek tramitazioa beharko du eta denbora eramango du. Gure beharrizanei erantzungo dien akordio bat lortzea da garrantzitsuena.
Gobernu taldeak behin betiko alde batera utzi du bost dorreen proiektua?
Orain lau urtetik esaten gabiltza dorre altu horiek eraikitzea baztertuta dagoela. Ikusi egin beharko da ea etxebizitza horiek zelan enkajatzen ditugun gure errealitatera ondoen egokitzeko. Zenbat eraikin izan behar diren, zein altuera izan behar duten... Argi dugu herritarren aldetik eskaera bat izan genuela altuera handiko eraikinak ez egiteko. Geure buruari ipini diogun muga hamar pisukoa da. Orain, aztertzen gabiltza zenbat etxebizitza egokitu behar diren. Aurreko gobernuak landu zuen akordioa aztertzen gabiltza. Ahalik eta akordiorik zabalena lortu gura dugu eta, alde horretatik, kontuan dugu aurreko gobernuak zer gura zuen eta zer landu zuen. Ez dugu baztertzen, altuera jaisteaz gainera, etxebizitza kopurua ere apur bat jaistea, edo beste lurzoru batzuetara eramatea. Aukera guztiak aztertzen gabiltza Jaurlaritzagaz batera.
Osasungitzan, zeintzuk gabezia identifikatzen dituzue?
Alde batetik, lehen mailako arreta arintzea gura genuke. Badakigu ez dela erraza, profesionalen falta dagoelako. Errealitatea zein den jakinda aukerak aztertzen gabiltza. Ildo horretatik, bertako osasun zentrotik esaten digute espazio falta dutela hainbat gauza Durangora ekartzeko. Gainera, dioskue eraikin desberdin bi izateak ez duela laguntzen eraginkorrak izateko. Hortik dator Gaitasun Handiko Osasun Zentroa, gaur egungo beharrizanei erantzuteko eta baita zerbitzu berriak jarri ahal izateko ere; adibidez, mamografiak. Galdakaon egitea lortu dugu orain, baina guk Durangon egitea gura dugu. Kontua da gaur egun ditugun eraikinekin ez dagoela espaziorik mamografiak egiteko, ezta handitu beharko litzatekeen ginekologia zerbitzua emateko ere. Beste beharrizan batzuk ere badaude, pediatriaren ordutegia handitzea eta anbulantzia medikalizatua izatea, esate baterako. Horiek ere eskatu ditugu.
Durangoko Udalak inkesta bat egin du herritarren kezkak ezagutzeko, eta hauetxek dira lehehengo hiru postuetan dauden gaiak: aparkalekua, airearen kalitatea eta etxebizitza. Aparkalekuaren gaiagaz hasiko gara. Zein asmo duzue?
Gaur egun OTA sistema bat dugu eta Mugikortasun Planaren berrikuspenean aparkalekuaren gaia aztertuko dugu. Parkingak ere baditugu, LESAkoa 24 orduan zabalik orain, TADUkoa ere bai, eta udalarena ez den arren tren geltokiaren ondoan beste bat ere badago, oso prezio merkean. Antso Estegizen goiko partean beste aparkaleku bat egitea aurreikusita dago, Hermanos Oñate eta Juan Itziar artean. Aparkaleku hori oso garrantzitsua izango da Antso Estegizen berrurbanizazioa amaitu ahal izateko. Orain goiko partea berrurbanizatzen gabiltza, baina beheko partea egiterakoan aparkalekuak kenduko dira eta goiko parkinga beharko da.
Airearen kalitatea ere kezka iturri da. Zein pauso emango dituzue?
Eremu bitan lan egingo dugu. Alde batetik, enpresekin Eusko Jaurlaritzagaz elkarlanean, emisioak egokiak izateko eta dena kontrolatuta egoteko. Beste alde batetik, trafikoaren kontua dago, askotan ez garelako konturatzen zein eragin duen airearen kalitatearen inguruan. Zorionez, azken hamarkadetan gauzak asko aldatu dira. Lehen, Goienkaleraino sartzen ziren kotxeak. Jendea denerako mugitzen zen kotxean. Gaur egun jendea oinez mugitzen da herri barruan, geroago eta gehiago. Horixe da gure ildo estrategikoetariko bat, eta bultzatzen jarraituko dugu. Beste proiektu interesgarri bat Durangoko gunerik garrantzitsuenak lotuko dituen minibus elektrikoarena da. Ikerketa bat egin gura dugu, proiektu hori martxan ipintzeko modurik eraginkorrena zein den jakiteko. Osasun zentroak eta egoitzak lotzeko, baina baita Tabira ere, esate baterako. Izan ere, pertsona nagusiak haizea hartzera joan daitezke Tabirara. Ez da zertan medikuarenera joan minibusa hartzeko.
Etxebizitzaren gaia ere arduretariko bat da. Etxeak egin bai, baina oso garesti.
Beste lehentasunetariko bat da. Gureak diren 16 etxebizitza alokairuan aterako ditugu San Fauston. Egokitu barik egon dira, eta horretan gabiltza. Bestalde, hainbat etxebizitza garatzeko ditugu, PERIan esate baterako, babes ofizialekoak eta baita tasatuak ere. Beste lurzoru batzuk ere baditugu; horretarako, Eusko Jaurlaritzagaz hartu-emanean gaude, gazteei edo beste beharrizan batzuk dituzten pertsonei begira.
Legegintzaldi hasieran zeresan handia eman zuen gaietariko bat alkatearen soldata igoera izan zen. Zein irakurketa egiten duzu horretaz?
Alderdi politiko bi aipatuko ditut: EAJ eta EH Bildu. Oso politika ezberdinak ditugu alde horretatik. Beti defendatu izan dugu politikariek ere soldata egokiak izan behar dituztela. Ez dakit jendea konturatzen den alkate baten funtzioa eta lana zeintzuk diren. 24 ordu asteko zazpi egunetan. Soldata handia ala txikia den oso subjektiboa da. Horregaitik, EAJn aspalditik EUDELek markatzen dituen irizpideei jarraitzen diegu. EUDELek soldata batzuk markatzen ditu funtzionarientzat eta alkateentzat. Udal honetan, esate baterako, alkatearena ez da soldatarik handiena. Durangoren kasuan, EUDELek markatzen duenaren arabera, soldata bat ezarrita dago 20.000 eta 50.000 biztanle arteko herrietarako. Guri hori tokatuko litzaiguke, baina ez dugu hori aukeratu. Maila bat baxuagokoa aukeratu dugu. 20.000 biztanlera arteko herrietako alkateei egokituko litzaiekeen soldata izango litzateke. Horrez gainera, nik lehen kobratzen nuen soldata bera izango litzateke. EH Bilduk ipintzen duen irizpidea da. Norberak dakarren soldata mantentzea da EH Bilduk dioena.
Euskararen egoeraren inguruan zein interpretazio egiten duzu Durangon?
Euskararen ezagutza maila asko hazi da eta hor lan handia egin da. Baina erabileran erronka handia dugu. Eskolaz kanpoko ekintzetan jardun gura dugu hainbat eragilegaz batera, bai aisialdian eta baita kirolean ere. Beste erronka bat etorkinen gaia da. Gaia aztertzen gabiltza, eurei laguntzeko. Eta beste kontu bat eskubideen urraketa da, gaur egun bizi dugun egoera oso kezkagarria delako.
Aurreko legegintzaldian, udalak bere gain hartu zuen Plateruenaren kudeaketa. Gobernu talde berriak zer asmo dauka proiektu honen inguruan? Uda bueltan programazioak behera egin duela ikusi dugu.
Hausnarketa fase batean gaude. Sorpresa hartu dugu gobernuan sartu garenean eta ikusi dugunean egoera zein den. Plateruenaren egoera nahikoa kezkagarria da, orokorrean; batez ere kudeaketa aldetik. Kudeaketa zuzena egiteko erabakia hartu zen, baina errealitatea da horrek ere bere lizentziak, bere egitura eta bere diru sarrerak behar dituela. Dena egin barik zegoen. Adibidez, eraikin horrek duen lizentzia kafe antzokiarena da. Hau da, ostalaritza da nagusi. Ostalaritzarik barik ezingo litzateke ezer egin. Gainera, baldintzatuta zegoen, Eusko Jaurlaritzako errekerimendu bat zegoelako esaten zuena baldintza guztiak ez zirela betetzen, klimatizazioa ez zegoelako ondo. Lehenengo eta behin, klimatizazioa konpondu behar izan dugu.
Zelan ikusten duzu Plateruenaren etorkizuna?
Kultur mahaiagaz berba egin genuen eta egoera zein den azaldu genien. Plateruena azpiegitura garrantzitsua da, eta oso argi dugu euskara eta kultura bultzatu behar dituela. Gogoeta egin gura dugu Plateruenarentzat eredurik egokiena zein den erabakitzeko. Horregaitik, momentu honetan ez dago jarduera askorik, baina mantentzen da aktibitatea, eta eraikina erabilgarri dago gure eragile eta herritarrentzat.
Correos zaharreko eraikinaren proiektua zein fasetan dago?
Proiektua egokitzen gabiltza. Egin zen proiektua, gure ustez, ez zetorren bat Durangoren beharrizanekin. Haurrei eta gazteei zuzenduriko eraikin bat izango da. Urtea amaitu aurretik, proiektua aurkeztu eta gero obrekin hasiko gara.
Eta Urki-hegoaldeko errepidea?
Obrak ondo doaz. Urki-hegoaldek hainbat onura ekarriko du. Trafikoa herritik aterako du. Gainera, Eguzkitzako zoru industrialak garatu ahal izango ditugu. Durangok enpresak izatea behar du, diru sarrerak direlako udalarentzat; eta kalitatezko enplegua ere behar du.