Europa mailako Erasmus+ egitasmoan aintzindari da Durango Fray Juan de Zumarraga institutua

Anboto 2023ko ira. 15a, 10:00
Institutuko teilatuko espazio berdea.

Europar Batasuneko Erasmus+ programaren aterpean eta STEAM izeneko hezkuntza sistema lanerako erraminta moduan hartuta, 'Let's enter digital to the future' proiektua lantzen dihardu Durangoko Fray Juan de Zumarraga institutuak, Europako beste ikastetxe batzuekin batera: Txekiar Errepublikako, Greziako eta Poloniako ikastetxe banarekin, hain zuzen.

Erasmus+ hezkuntza, prestakuntza, gazteria eta kirola bultzatzeko Europar Batasuneko programa bat da, zeinak profesionalen heziketan eta prestakuntzan lankidetzarako aukerak eskaintzen dituen, gizarteratzea eta trantsizio ekologiko nahiz digitala bezalako gaiak lantzeko. STEAM hezkuntzaren helburua, berriz, ikasleak ahalduntzea da, gizarteko erronkei erantzukizunez aurre egiteko; bokazio zientifiko-teknologikoa sustatu gura du ikasleen artean, Artea eta Humanitatea ere barnebilduz.

Testuinguru horretan, hainbat proiektu lantzen dituzte institutuko ikasleek eta euren gaineko unitate didaktikoak Moodle izeneko plataforman elkarbanatzen dituzte.

Proiektuetako bat institutuko teilatuan dagoen espazio berdea da [albisteko argazki nagusian ikusi daitekeena]. Askotariko lore, landare eta ortuariak hazten dituzte bertan —orain hiru urtetik hona— baliabide ekologikoak erabiliz. Euri-urak batzeko azpiegitura bat ere sortu dute ikasleek.

Cosmetics izeneko proiektuan ikasleei bultzada bat eman nahi diete E-merkataritzaren garrantzian, beti ere autoprodukzioa eta berton bertokoa bultzatuz. Heu Be Zantzoka eskola aldizkariak, berriz, adierazpen idatzia, ahozkoa eta artistikoa ditu abiapuntutzat eta lau hizkuntzatan lantzen dute: euskara, gaztelera, ingelesa eta frantsesa.

Azalpen horiek guztiak atzo eskaini zituzten Institutuko areto nagusian egindako aurkezpenean. Hedabideek teilatuko espazio berdea bisitatzeko aukera ere izan zuten.

Arduradunak espazio berdearen gaineko azalpenak ematen.

Euri urak batzeko azpiegitura.

Areto nagusian Erasmus+ egitasmoaren gaineko xehetasunak eman zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!