Pastoral bat eta ikuskizun bat, inauterien, surrandien eta euskal kanten bilakaera erakusteko

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 7a, 09:40
DBHko 4. mailako 50 ikaslek parte hartuko dute 'Kantuaren oinatzetan' ikuskizunean.

Durangoko San Antonio ikastetxeko 90 bat ikasle buru-belarri dabiltza ekainaren 8an eszenaratuko dituzten obra bi prestatzen. LH5eko eta DBH4ko ikasleak dira

Ikasleetariko batzuk atrezzoa dekoratzeko lanetan dabiltza, zuhaitza irudikatuko duen elementuari forma ematen. Beste batzuk oholtza gainean egin beharreko sartu-irtenak koordinatzen; noiz sartu eszenan, zelan irten eszenatik. "Gogoratu ekinaldi batetik besterako tartean oso modu zehatzean egin behar direla sartu-irtenak", oihukatu du baten batek. Erika Uranga da, Loraldia Eskola egitasmoko dinamizatzailea. Bera dabil, ikasleekin batera, antzezlan biak koordinatzen eta zuzentzen. Ekainaren 8a ate-joka dator. Obrak estreinatzeko eguna da. Eta San Agustin ikastetxeko aretoan igartzen da estreinaldiaren bezperetan egoten den urduritasun hori. 

Izan ere, San Antonio ikastetxeko ikasleek obra bi taularatuko dituzte San Agustin Kulturgunean. Surrandi, surrandi, gaur Durangon nagusi izeneko pastorala, eta Kantuaren oinatzetan izeneko ikuskizuna. "Pastoralak adierazpen artistiko ugari batzen du. Antzerkia, bertsoa, dantza eta musika, adibidez. Zuberoan erabiltzen diren koplak erabiliko ditugu, baina inauteriak eta surrandien inguruko istorio bat kontatuta. Gidoia Ainhoa Urienek egin du. Bestalde, beste ikuskizunak euskal kanten bilakaera kontatuko du, Euskal Herriko lurraldeak igarota", azaldu du Urangak. Nafarroa Beheretik ekingo diote, Bernart Etxepareren ingurua deskribatu eta hark idatziriko Kontrapas olerkia kantatuta. Ondoren, Zuberoara egingo dute, Matalasen altxamendua irudikatzera. Halantxik joango dira euskal lurraldeetako kantutegia errepasatzen, Bulego taldearen Irulegiko Eskua kanta abestu arte. "Bigarren obra hau Itsaso Arrietak idatzi du. Pastorala Lehen Hezkuntzako 5. mailako 40 ikaslek interpretatuko dute. Kantuaren oinatzetan ikuskizunean, DBHko 4. mailako 50 ikasle arituko dira", zehaztu du Urangak.

Ikuskizun biak bata bestearen atzetik emango dituzte San Agustin Kulturgunean. 19:00etan taularatuko dute pastorala, eta hura amaitu eta berehala ikuskizuna. Gonbidapenak Arte eta Historia Museoan eskuratu daitezke.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!