Durangoko EH Bilduk jakinarazi du gainerako alderdi politikoekin batzeari ekingo diola. Bilera-erronda EAJrekin hasiko dute, eta PSE-EErekin eta Herriaren Eskubidearekin batuko dira gero. Alderdi Popularrari buruzko aipamenik, ostera, ez dute egin.
Talde subiranistak adierazi du "proposamenak partekatzen dituzten alderdiekin akordioetara iristea" izango dela bere "lehentasuna". Alderdi subiranistaren esanetan, "domekako emaitzek" erakutsi dute "jendea arduratzen duten gaiak etxebizitza, auzoak edo berdeguneak" direla. Hori dela eta, "gai horien bueltan" heldu gura dute akordioetara gainontzeko alderdiekin.
Emaitza "historikoa"
Domekako emaitzak direla eta EH Bilduk esan du taldeak datu "historikoak" lortu dituela. Euren esanetan, "durangarrek herritarrekin eta herritarrentzat politika egiteko modua saritu dute".