Durangoko Elkarrekin Podemos eta Herriaren Eskubidea kritiko agertu dira bata bestearekin. Herritarren botoa zatitu egin dela eta, alderdi biek elkarri leporatu diote hauteskundeetara batera joan ez eta ondorioz eserleku kopurua galtzearen ardura. David Hernández hautagaiak (Elkarrekin Podemos) atzo hedabideetara bidalitako adierazpenetan azaldu zuen durangarrek "zatiketa zigortu" dutela.
"Herriaren Eskubideak hauteskundeetara era zatituan aurkezteko aukera planteatu zuenean, azkar batean ipini ginen eurekin hartu emanetan. Nik neuk bilera bat eskatu nien, hauteskundeei begirako koalizio bat sortzeko asmoz. Elkarrekin Podemosek hasiera-hasieratik adierazi zuen herritarrek ez zutela alderdi bakoitza bere aldetik aurkeztea ulertuko. Gure esku egondako guztia egin genuen, baina auzia bideratzeko asmoz hartu emanetan ipini ginen aldiro, ezezkoa eman ziguten. Elkarrekin Podemosengandik banatuta Herriaren Eskubideak gehiago irabaziko zuela, eta Herriaren Eskubideak bilakaera hobea izango zuela adierazi ziguten. Dena dela, azken unera arte tematu ginen, jakitun ginelako ezkerra banatzen den bakoitzean denok garela galtzaile. Eta horrela izan da", azaldu du David Hernándezek.
Herriaren Eskubidearen erantzuna
Gaur, Herriaren Eskubideak Hernándezen adierazpenei erantzun die. Alderdi independenteak hauteskundeen atariko aurrekariak azaldu ditu lehenengo eta behin. Diotenez, 2022ko azaroan jakin zuten, "inolako hurbilketarik gabe" eta "harriduraz", Elkarrekin Podemosek David Hernández aukeratu zuela Durangoko alkategai izateko. "Informazio horrekin, bilera bat zehaztu genuen koalizioak udaletxean duen bulegoan. [...] Bileran, Podemoseko ordezkariek koalizio-proposamena helarazi ziguten, esanez, David Hernández izango zela Elkarrekin Podemosesko edo koalizioko hautagaia, alternatibarik edo aldaketa posiblerik gabe. "Bilera honetan jakinarazi genien Herriaren Eskubidean parte hartzeko asmoa genuela, marka zabal gisa, siglarik eta koaliziorik gabe. Ez gentozen bat Podemosen proposamenarekin, Herriaren Eskubidea zortzi urteko lanarekin zerikusirik ez zuen eta udalean benetako esperientziarik ez zuen hautagai bati inposatu nahi zigutelako. [...] "Ondorengo elkarrizketen ondoren, Elkarrekin Podemosen erantzuna hau izan zen: "koalizioan joatea eta David Hernandez zerrendaburu izatea besterik ez dugu onartzen". Hor amaitu ziren negoziazioak, Elkarrekin Podemos hasierako eskaintzan geratu zen, inolako aldaketarik onartu gabe", azaldu dute.