Durangoko EH Bilduk klima aldaketaren aurka egiteko neurri bezala aurkeztu du proposamena. Energia kooperatiba bat sortu gura dute, modu horretan karbono dioxidoaren emisioak murrizteko. Ima Garrastatxu alkategaiaren berbetan, "komunitate horiek iturri berriztagarrietatik sortutako energian sortzean oinarritzen dira, baita energia hori hornitzean eta biltegiratzean, kontsumoan eta, hala badagokio, energia zerbitzuen eskaintzan ere".
Horrez gainera, talde subiranistak gogoratu du Landako II kiroldegian, Landako Eskolan eta Ezkurdiko pilotalekuan 758 eguzki plaka ipintzeko proiektua sinatu dutela legegintzaldi honetan. Horrez gainera, beste 416 plaka ipini gura dituzte Landako Gunean.