Udal eta foru hauteskundeak

Hauteskunde egunerako udaltzaingoaren zerbitzua handitzea eskatu du Durangoko EAJk

Anboto 2023ko mai. 24a, 11:24

2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak Zabalarra eskolan.

Jeltzaleen berbetan, aurreko hauteskundeetan "20 agente baino gehiago" egon ziren lanean; "aurten 4 baino ez dira izango". 

Durangoko EAJk eskari bat erregistratu du Herritarren Arretarako Zentroan. Domekan egingo diren udal eta foru hauteskundeen harira, udaltzaingoaren zerbitzua handitzea eskatu diote gobernu taldeari. Jeltzaleek diotenez, orain arte "20 agentek baino gehiagok babestu" izan dituzte Durangoko 11 hauteslekuak. Domekan baina, kopuru hori "4 agentera" murriztuko dela esan dute. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzalearen iritziz, "horrek eragin negatiboa izango du hauteskunde hauetan botoa emateko eskubidea baliatuko duten pertsonen eta hauteskunde-mahaietako kideen segurtasunean".

"Ahalik eta berme handienekin"

Bestalde, EAJren berbetan, beste aldaketa bat ere egongo da hauteskunde hauetan, hain zuzen ere "aldez aurretik esperientziarik ez duten udal langileek" egingo dutelako hauteslekuetako "aholkularitza, gainbegiratze eta informazio lana". Elkoroiriberen arabera, "horrrek zalantzak eta konpondu gabeko gorabeherak eragin ditzake, edo hauteslekuetan ebazpen desberdinak ematea". Botoa emateko eskubidea "oso gai serioa" dela azpimarratuta, bozketa "ahalik eta berme handienekin" egin behar dela iritzi dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!