Ekitaldiari hasiera Ima Garrastatxu Durangoko egungo alkateak eta EH Bilduren alkategaiak eman dio. Ekitaldian Garrastatxuk aitortu du "legegintzaldi gogorra" izan dela, baina lanerako gogotsu daudela. "Lau urte izan beharrean ematen du hamarkada bat izen dala. Gogorra izan da. Baiña hemen gaude eta gogotsu gaude. Durangora ekarri genuen aldaketa egonkortzeko gaude", jarraitu du Garrastatxuk.
Gainera, proiektuei bide eman eta "aldaketa egonkortzeko" beste lau urte beharrezko dituztela azpimarratu gura izan du Garrastatxuk. "Gobernura heldu ginean Andra Mariko elizpea eta Ezkurdiko frontoia oso egoera txarrean zeuden. Bi urtetan eraikin horiek eta altxor horiek berreskuratu ditugu. Durango beste bide batetik eramateko etorri gara, eta orain gestio aldaketa hori egonkortzera gatoz. Beraz, gutxienez beste lau urte behar ditugu gure proiektuak aurrera ateratzeko".
Horri horrela, domekan bi aukera daudela azaldu du. "Alde batetik, durangarren arazoen aurrean beste aldera begiratzen duen elitearen aukera dago, eta, bestetik, benetako entzumena eta beren arazoen konponbideak eskaintzen ditugunena. Domeka honetan ez dugu bakarrik erabakiko nork gobernatuko gaituen datozen lau urteetan. Domekan erabakiko dugu Durangok hurrengo hamarkadarako hartuko duen norabidea", gaineratu du Durangoko EH Bilduren alkategaiak.
Iker Casanova Bizkaiko zerrendaburuak, berriz, Bizkaian ezker olatua altxatzen ari dela azpimarratu du, eta ezker olatu hori geldiezina izango dela. Bestalde, EH Bilduk Durangoko alkatetzan dagoenetik Durango indarberrituta dagoela adierazi du. "Durango martxan dago, Durango aktibo dago, Durango proiektuz beteta dago", gaineratu du.
Ekitaldia bukatzeko Arnaldo Otegik hartu du hitza eta bidea boto eraginkorra dela azaldu du. "Herri honetan boto bakarra dago ezkerretik eta abertzaletasunetik eraginkorra dena. Guk ez dugu botoa sigla batentzat eskatzen, guk botoa herri hau hobetuko duen proiektu politiko batentzat eskatzen dugu".