"Trenbide zaharraren lursailetan biriki berdea egingo zutela agindu zuten, baina 65.000 metro koadro horiekin zer egin ez dakite; ez diote konponbiderik eskaini greban diren udal langileei; Plateruenerako egin duten proposamena ez da batere gardena, ke bonba bat da; guk ez dugu euskal etxe bat gura bertan, guk nazioarteko etxe bat gura dugu, ekonomikoki eta politikoki bideragarriak direnak", azaldu du. Horrez gainera, "herritarren beharrak ez lehenestea" egotzi diete udal ordezkariei: "San Ignazio auzoko umeen parkea estaltzeko akordioa sinatu genuen udal gobernu taldeagaz. Nola dago? Estali gabe. Zergatik? Ez delako lehentasunezkoa eurentzako. Alokairu sozialeko etxeak hutsik daude. Zergatik? Ez dutelako partidarik onartu horiek hornitzeko. Guk badugu etorkizunerako plana, guk pertsonak jartzen ditugu erdigunean".
Alderdi popularraren aurkako berbak ere eduki ditu Ruizek. "Gu ere Konstituzioaren [Espainiarra] aldeko alderdi bat gara, guk ere bizkartzainak eduki ditugu, eta ETArekin amaitu zuen alderdia gara, baina errespetu gehiago erakusten dugu biktimekiko, iraganean ainguratua dagoen alderdi horrek ez bezala".
Botoa ematera joateko deia
Itxasok Jesica Ruizek legegintzaldi honetan akordioetara iristeko erakutsi duen gaitasuna azpimarratu du. Horrez gainera, EAJk eta EH Bilduk "durangarren interesen alde lan egiteak baino, botere borroka lehenesten dutela" salatu du. "Durango eta Galdakao borroka gune dira bi alderdi horientzako, tronu demara daude adi, ez herritarren beharretara". Teresa Laespadak, ostera, herritarrei bozka ematera joateko dei egin die. "Ez dira gauza berdina botoa ematea edota etxean geratzea. Keinu txikiekin aldaketa handiak eragin daitezke, eta hautesontzira iristen den boto bakoitzak balio du. Gure kudeaketarekin, guk erakutsi dugu justuak garela", amaitu du.