Indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko zerbitzu berri bat martxan
jartzeko konpromisoa hartu zuen atzo Durangoko alkategaiak. Garrastatxuren hitzetan, "indarkeria matxistak hil egiten gaitu, egunero eta edonon, eta basakeria hau geratzea gizarte osoaren ardura da. XXI. mendean, genero berdintasunerako bidean erronka garrantzitsuak ditugu oraindik, eta arazo horiei premiaz eta erabakitasunez heldu behar zaie".
Udaletik Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladarekin (DAFA) batera lantzen diharduten zerbitzuaren inguruan berba egin zuten. DAFAk indarkeria matxista prebenitzeko eta biktimak artatzeko zerbitzu integrala eskainiko du, indarkeria matxistak izan eta sortu dezakeen errealitate bakoitzari erantzun pertsonalizatu bat emateko. Zerbitzu berri honek indarkeria matxista kasu baten ondorengo denboran ipiniko duela arreta azaldu dute, hau da, artatzean. Garrastatxuk adierazi duenez, “eraso bat gertatzen denean biktimak instituzioen babes irmoa sentitu behar du, eta horretarako arreta pertsonalizatu bat eskaini behar dugu, kasu bakoitzak ezaugarri ezberdinak dituelako”. Zerbitzu hau uda osterako martxan jarri gura dute. “Durangon mugimendu feminista oso aberats bat daukagu. Elkarte bakoitzak bere ezaugarri eta dinamika ezberdinak ditu, baina erakutsi dugu guztion artean helburu handiak lor ditzakegula. Indarkeriaren gaitzari modu bateratuan aurre egingo diogu”.