Udal eta foru hauteskundeak

Elkarrekin Podemos: “Borrokan jarraituko dugu eskualdeko ospitale baten alde eta Durangoko lehen mailako arreta indartzearen alde”

Anboto 2023ko mai. 20a, 19:20

Ekitaldi politikoa egin du Elkarrekin Podemosek Durangon.

Durangoko alkategaiak, David Hernandezek gidatutako ekitaldian pandemiak sortutakoari buruz hitz egin zuten. “Publikoaren garrantzia gogoraraztera etorri zitzaigun”, gogoratu zuen Hernandezek. Izan ere, “gaizki emanda datozkigunean, gu babesteko dagoen gauza bakarra zerbitzu publikoak dira”, azpimarratu zuen. “EAJk eta Euskadiko Alderdi Sozialistak alderdiak gure osasunarekin negozioa egiten jarraitzen duten bitartean, Elkarrekin Podemosek borrokan jarraituko du Durangalderako ospitale bat lortzeko, Durangorako anbulantzia medikalizatu bat lortzeko, 24 orduko pediatria izateko, Durangoko lehen mailako arreta indartzeko, baita herritar guztiei osasun mentaleko arreta ere jasotzeko aukera bermatzeko”, gaineratu zuen.

Horrez gain, Hernandezek “EAJren engainua” bezala izendatu zuen, “anbulatorio berri bati ospitalea deitzen baitio”. “Gaur egungo osasun zentroetako zerbitzuak beste batean biltzearen aurka ez gaude, baina gauzei bere izenez deitu behar zaie. Hori ez da ospitale bat”, esan zuen alkategaiak: “Eskualdeko ospitale baten aldeko apustua egiten dugu”.

Ildo beretik berba egin zuen Miren Gorrotxategik, Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak eta Hernandezen zerrendako kideak. “Egun hauetako grebak Osakidetzak jasaten dituen murrizketen isla dira”, adierazi zuen Gorrotxategik.

EAJk ospitale berriaren eraikuntzari buruz egindako “hauteskunde promesak” gogoratu zituen bozeramaileak. “Egia bada, ongi etorria, baina bete ditzaten nahi dugu. Zer balio dute hauteskunde promesek legegintzaldi osoan gai honetan jardun ez bada?”, azaldu zuen Gorrotxategik. “Elkarrekin Podemosek gauza bera eskatzen du, bai hauteskundeen aurretik eta hauteskundeetan”, azpimarratu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!