Iñigo Urkulluk ere ospitale berria izan du berbagai. Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak Durangon eraiki gura duen Gaitasun Handiko Osasun Zentroa dela "Bilduk lau urteotan eragin duen paralisiaren ondoren, aurrera eramango den lehen konpromiso partekatu eta errealista, benetako lehen ekimena”. Durangoko alkategaiak proiektu horren inguruko argibideak eman ditu: “Gaitasun Handiko Osasun Zentroa, guk Durangoko Ospitale deitzen duguna, trenbidea zegoen orubean egongo da kokatuta eta osasun zentro handiagoa izango da, modernoagoa eta irisgarriagoa, eta egoitza berean barne hartuko ditu Lehen Arreta, Pediatria, Kanpoko Kontsultak, Diagnostiko Aurreratua mamografia eta TAC-azterketekin, Etxeko ospitaleratzea, Arreta soziosanitarioa eta 24 orduko Larrialdi Zerbitzu sendoa. Osasun zentro honek, zalantzarik gabe, Durangoko osasun arreta hobetuko du eta behar ez diren joan-etorriak saihesten lagunduko du”.
Elixabete Etxanobe EAJren Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaiak "pertsonengan" oinarritu du bere berbaldia: “Gaur ezagutzen dugun Bizkaia eta Euskadi eraiki zuten gizon-emakumeak zainduko ditugu. EAJ Diputazioaren buru izanik, zaintza behar duen inor ez da bakarrik egongo, mendekotasuna duten pertsonei babesa emateko sistema indartzen jarraituko dugu”, azpimarratu du. Bizkaian bi egoitza berri irekiko direla iragarri du Etxanobek, Sestaon eta Abadiñon, 240 plazarekin, “non adinekoak etxe baten antza izango duten unitateetan bizi izango diren eta egoitzak eredu horretara egokitzen jarraituko dugu, Durangoko eta Elorrioko egoitzetan baita ere”, azaldu du. Ildo horretan, ohartarazi duenez “ezin dugu alperrik galdu orain arte lortu dugun guztia”.
Andoni Ortuzarrek bere hitzaldia hasi du, Pilar Ardanza Durangoko alkate izan zena omenduz. Ardanza erretiratuta dago gaur egun erakundeetatik, eta ekitaldian egon da.