Elkarrekin Podemosen helburua “udalerrian bizi diren pertsona guztiei eskubide eta aukera berberak bermatzea” dela adierazi du David Hernandez Durangoko alkategaiak prentsa oharrean. Horregatik, zerbitzu publikoak indartzeaz gainera, enpleguaren egoerari heltzearen aldeko apustua egin dutela aurreratu du. “Herritar guztiek aukera berberak izan ditzaten, beharrezkoa da lanerako sarbidea eta lan baldintza duinak bermatzea”, azaldu du Hernandezek.
Enplegu arloan, 45 urtetik gorako pertsonengan eta gazteengan jarri dute arreta. Koalizioak ekintzailetza programa berezi bat bultzatu nahi du, “alderdi sozioekonomikoak, belaunaldi aldaketak eta ekiteko prest dauden pertsonen prestakuntza eta esperientziak kontuan hartuta”.
Azaldu dutenez, "lan-prekarietatearen aurka borrokatzea da Elkarrekin Podemosen kezketako bat. Horregatik, aldi baterako kontratazioa murrizteko formulak bilatzeko konpromisoa hartu dugu, toki administraziotik hasita”. Proposatzen duten beste ekimenetako bat da 32 orduko edo 4 laneguneko esperientzia pilotu bat abian jartzea udalerriko enplegu publikoetan. Bestalde, "guraso bakarreko familientzako laguntzak sortzea” proposatu dute, “baita udalaren prezio publikoetan laguntzak handitzea”.
“Era berean, dibertsitate funtzionala duten pertsonen lan-mundurako sarbidea bermatu nahi dugu”, adierazi du alkategaiak. “Horretarako, proposamen zehatzak ditugu, hala nola irabazi asmorik gabeko hirugarren sektoreko enpresa txiki eta ertainei zuzendutako dirulaguntza lerroak sortzea, dibertsitate funtzionala duten pertsonak kontratatu ditzaten”, azaldu du. “Oposizioetan edo sarbide-probetan udalean dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordetako plazen legezko gutxieneko ehunekoa handitzea proposatzen dugu".
Koalizioak beharrezkotzat jotzen du Ekonomia zirkularraren aldeko itun bat sustatzea Durangon, eragile sozial eta ekonomikoen parte-hartzearekin, kontsumo arduratsua bultzatzen, baliabide naturalen erabilera murrizten eta hondakinen kudeaketari balio sozial eta monetarioa ematen lagunduko duena.
Tokiko merkataritzari begira, Hernandezek haren garrantziari buruzko kontzientziazio-kanpainak proposatzen ditu, “enplegua sortzeko eta tokiko bizitza dinamizatzeko jarduera gisa, ohiko kanpainak zerbitzua hobetzera bideratuta, eta ez kontsumoa handitzera”. Gainera, koalizioak “Amazon tasa ezartzea” planteatzen du, “espazio publikoa okupatzeagatik merkataritza elektronikoko banatzaile handiei zergak ezartzeko helburuarekin”.