Durangoko Eusko Alderdi Jeltzaleak bere hauteskunde programa aletuta ekin dio kanpainari. Mireia Elkoroiribe zerrendaburuak eta Josune Escota hautagaiak agerraldia egin dute goiz honetan, jeltzaleen eskaintza politikoaren berri emateko. Hiru dira EAJk identifikaturiko ardatz nagusiak: "osasuna, enplegua eta etxebizitza". Elkoroiribek azpimarratu du Durango "bizi kalitate handiko herri erreferentea" izateko lan egingo duela.
EAJk azpimarra berezia egin dio tren geltoki zaharraren orubean eraiki gura duten Gaitasun Handiko Osasun Zentroari. Elkoroiribek jakinarazi du zentro berri horrek "24 orduko urgentzia zerbitzua, Lehen Arreta, pediatria, mamografiak eta TAC azterketak egiteko probak eta kanpo kontsultak" hartuko lituzkeela. Bestalde, Tabiran eraikitzekoak diren Ekogarapen Guneari buruzkoak ere aletu ditu, bertan Lanbide Heziketa eta unibertsitate ikasketak batzeko zentro bat eraikiko direla gogoratuta. Era berean, "enpresak espazio bila" dabiltzala eta, Eguzkitzako industrialdea garatzearen aldeko apustua egin du, "kalitatezko enplegua sortu" eta udalerrian "diru-sarrerak lortzeko".
Kirolari dagokionez, EAJk futbol zelai bat gehiago egiteko asmoa agertu du. Arripausuetak eta DRTk indarra hartu dutela eta, zelai horretan errugbi zein futbol norgehiagokak jokatzen direla eta, Tabiran beste futbolzelai bat sortzea proposatu dute, hartara, "Arripausueta lasaitzeko". Bestalde, ikastetxeetako kirol azpiegiturak "herritarrei zabaltzeko" asmoa agertu dute.
Minibusa eta komertzioa
Durangoko EAJk mugikortasun jasangarriaren alde egin du. Oinezko zein bizikleta bidezko desplazamenduak lehenetsi gura dituzte, eta horien atzetik kokatu garraio publikoa eta auto partikularra. Alde horretatik, minibus elektriko bat ipintzeko proposamena egin dute, besteak beste, "osasun zentroak, merkatua, adinekoen egoitza" linea batekin batzeko. TAO zerbitzuari dagokionez, bizilagun guztiei helarazi gura diete erabiltzaile txartela. Kanpoko bisitarientzat sistema berri bat ipini gura dute, "gidariak uneoro jakin dezan herriko zein lekutan daukan aparkalekua libre".
Josune Escotak aipatu du ez dutela "tokiko merkataritza hiltzen utzi gura". "Zama fiskala" arindu gura diete komertzioei eta merkatu plaza biziberritzeko "tailerrak eta topaketak" areagotu gura dituzte. Dinamizatzaile lan hori Dendak Bairekin, ostalarien elkarteekin, DAZekin eta Urkiola Landa Garapenarekin egin gura dute.