Zeintzuk dira Durangok herri lez dituen erronkak?
Durangok dituen erronkak duela 4 urteko berberak dira, hori da herritarrek transmititzen digutena.
Enplegua eta etxebizitza: horregatik, udal enplegu-planen eta puntako industria jasangarri berriak erakartzearen aldeko apustua egiten dugu. Etxebizitzari dagokionez, lau urte hauetan etxebizitza berri asko egin dira, baina alokairu sozialik barik, etxebizitza tasaturik barik eta etxebizitza hutsak merkatuan jartzeko inolako politikarik barik. Hori dela eta, puntu zehatz horietan jarriko dugu guk arreta.
Aparkalekua: Durangon trafikoa berrantolatzea beharrezkoa da.
Osasuna: Gai honetan alderdi guztiek batera joatea funtsezkoa da, Gasteizen defendatu behar dugu eta ez genuke demagogiarik egin behar hain serioa den gai honekin.
Adinekoei eta bakardadeari arreta ematea beste erronka handi bat da, biztanleriaren etengabeko zahartzearekin batera. Biztanleriaren %11 inguru beste herrialde batzuetakoa da, eta haiek barne hartzen dituzten gizarte- eta kultura-politikak egin behar ditugu, identitate-gaiak alde batera utzita.
Bukatzeko, indarkeria matxista amaitu eta Durangoko jendea seguru eta libre sentitzeko erronka dugu.
Erronka zehatzago gisa, herriaren erdialdean ditugun eta oraindik erabili barik dauden 65.000m2 horiek garatzea izango litzateke (trenbideko lurzoruak).
Zein lehentasun planteatzen duzue?
Alde batetik, une honetan badago lehenbailehen konpondu beharreko gai puntual bat, Durango Kirolak-eko greba, hain zuzen ere.
Ondoren, arduraz jokatu ahal izateko, udalaren benetako egoera ekonomikoa zein den jakin beharra dago (ez dut esan nahi udalaren egoera ekonomikoa txarra denik, baina errealitatea zein den guk ez dakigu) eta hortik aurrera neurri zehatzak hartzen hasi. Lehenengo ekintza zehatza San Faustoko pisuak (10 berriak) prestatzea izango litzateke, lehenbailehen erabili ahal izateko, eta urtebete baino gehiago hutsik daramaten 5 pisuak behar dutenen eskura jartzea. Beste alde batetik, Plateruenak duen egoera aztertu, eredua aldatzea ezinbestekoa da, egungoa jasanezina baita.
Zein sentsaziogaz aurkezten zara?
Indartsu eta pozik aurkezten naiz. Lau urte hauek oso baliagarriak izan dira niretzat. Durango erdigunean jartzen dugula erakutsi dugu, eta akordioak ere lortzen ditugula, guztiaren gainetik gure bizilagunak daudelako, eta uste dugu herritarrek hori baloratu dutela.