Zeintzuk dira Durangok udalerri lez dituen erronkak?
Lan handia egin dugu azken urteotan eta Durango aurrera doa, baina oraindik ere erronka handiak ditugu esku artean. Lehenik eta behin, Euskal Herri osoan mahai gainean ditugun bi gai garrantzitsuri aurre egin beharko diegu Durangon ere: familien egoera ekonomikoa leuntzea eta etxebizitzaren arazoari aurre egitea.
Horretaz gain, erronka handiak daude kirolaren, kulturaren, komertzioaren, ingurumenaren, berdintasunaren eta euskararen arloan, hurrengo lau urteetan garatu nahi ditugunak.
Zein lehentasun planteatzen dituzue?
EH Bildutik ez dugu kerik salduko, horregatik udaletik benetan egikaritu daitezkeen proiektuak proposatu ditugu gure herri programan.
Besteak beste, duela lau urte aurreko gobernuan zeuden alderdiek 18 pisutako bost dorreak betikotu nahi izan zituzten. 2021ean, berriz, Durangoko lehen udal galdeketa herritarra egin genuen, eta durangarrek oso argi utzi ziguten zein den proiektu horrekiko jarrera.
Jaurlaritzarekin –PSErekin, zehazki– izaera sozial nabarmena daukaten hainbat proiektu adostu ditugu geroztik. Besteak beste, tren geltoki zaharreko lurretan 34.000 m2-ko parkea sortuko dugu –bost futbol zelai adinako tamaina– eta trenbide zaharra dohainik jaso ostean durangarrontzat berreskuratuko dugu. Horrez gain, Durangon zehar alokairu sozialerako Babes Ofizialeko 240 Etxebizitza bideratuko ditugu hurrengo urteetan.
Aipatu ditugunak ez dira promesak, aipatu ditugunak Jaurlaritzarekin orri batean adostu ditugun proiektuak dira. Oposiziotik bateren batek oso argi utzi du akordio hau deuseztatu eta iraganeko hormigoizko proiektura itzuli nahi duela. Horregatik da hain garrantzitsua, besteak beste, EH Bilduk gobernuan jarraitzea, gu baikara lortutako akordio hori gauzatzeko bermea.
Zein sentsaiogaz aurkezten zara?
Aurreko batean pertsona nagusi batek geldiarazi ninduen kalean. 30 minutuz aritu ginen hizketan, aterki baten aterpean. Lau urte gehiagoz gobernuan egotea merezi genuela esan zidan, 2019an hasitako aldaketa errotzeko. Irrifar batekin joan nintzen etxera, eta animo horrekin aurkezten naiz beste lau urtez Durangoko alkate izateko.
Lan handia daukagu aurretik, lau urtean –eta horietako bi pandemian– ez delako posible guztia soluzionatzea, baina uste dut norabide onean lan egin dugula. Orain norabide hori berrindartzeko aukera izango dugu.