Udal eta foru hauteskundeak

"Inoiz baino indar eta ilusio handiagoarekin nago Durangon gobernatzeko"

Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia 2023ko mai. 12a, 09:00

Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia Durangoko EAJren alkategaia. 

Zeintzuk dira Durangok udalerri lez dituen erronkak?
Durangok inoiz baino gehiago bultzada bat behar du aurrera egiteko. Durangoren aldeko apustu sendoa egiteko momentua heldu da, Durangoko 'Ospitala'-rekin, Sustapen ekonomiko eta goi mailako formakuntzako Ekogarapen Gunearekin, Eguzkitzako industrialdearen garapenarekin, Landako erakustazokaren bultzadarekin, edo garraio publikoaren hobekuntzarekin adibidez. Horrek guztiak Durango dinamizatzea, Durangoko zerbitzu publikoak hobetzea, eta, ondorioz, durangarren bizi kalitatea hobetzea ekarriko dute.

Zein lehentasun planteatzen dituzue?
Gure lehentasunak argiak dira: osasuna, enplegua eta etxebitzitza. Horiek dira durangarrek transmititu dizkiguten ardura nagusienak, eta, beraz, gure lehentasunak.

Osasun arloan, Gaitasun Handiko Osasun Zentro bat (Gernikako ospitalearen antzerakoa) eraikitzearen alde egiten dugu, lehen mailako arreta, pediatria, kanpo-kontsultak, mamografiak eta 24 orduko larrialdi zerbitzu potentearekin. Egungo zentro biak handiago batean batuko doguz, modernoagoa eta irisgarriagoa izango dena Durangoko erdi-erdian, Trenbideko lurretan.

Enplegu arloan, Durangaldeko Ekogarapen Gunea bultzatuko dugu Tabiran, goi-mailako prestakuntzarekin, ikerketarekin, ekintzailetza sustatzeko, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, Eguzkitzako industrialdearen garapena bultzatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko zerbitzu eta espazioekin. Horrez gain, Landako Gunea Euskadiko Biltzar eta Azoken Sarean sartuko dugu eta tokiko merkataritza eta turismoa indartuko ditugu.

Eta etxebizitzari dagokionez, gazte durangarrek euren herrian etxebizitza bat eskuratzeko aukera izan dezaten nahi dugu, alokairu sozialeko programa baten bidez. Programa horrek orain horretarako zailtasunak dituzten beste kolektibo behartsuagoei ere erantzungo die.

Zein sentsaziorekin aurkezten zara?
Inoiz baino indar eta ilusio handiagorekin nago Durangon gobernatzeko eta hartutako konpromiso guztiak betetzeko lehen egunetik gogor ekiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!