Durangoko Herriaren Eskubideak mahai gainean ipini du herriko "hainbat auzotan" 500 etxebizitza sozial sortzeko aukera. Jorge Varela hautagaiak adierazi duenez, Durangon "beharrezkoa" da etxebizitza publikoari loturiko eskaintza garatzea, "gazteek, irisgarritasuna behar duten adinekoek, dibortziatuek eta abarrek etxebizitza egoki bat eskuratu ahal izan dezaten".
Herriaren Eskubideak etxebizitza plan bat sortu gura du "beste administrazio batzuekin lankidetzan". Gaur egungo 16 etxebizitzetatik alokairu erregimeneko 500 etxebizitzetara igaro gura du talde independenteak. "Asko dira independizatu ezin diren gazteak, dibortziatu berri diren eta 15 egunean behin beren etxebizitzak utzi behar izaten dituzten bikoteak edo igogailurik ez dutelako etxetik atera ezin diren adinekoak", azaldu du Varelak.