Udal eta foru hauteskundeak

Durangoko PPk 'Memoria, Dignidad y Justicia' izeneko ordenantza proposamena aurkeztu du

Anboto 2023ko mai. 4a, 13:04

Ezkerretik hasita, Daniel Portero, Carlos Garcia eta Raquel Gonzalez gaur Durangoko udaletxearen aurrean ordenantza proposamena eskuan dutela.

Udalean ordezkaritza lortuz gero, Durangoko PPk "argi" du zein izango den aurkeztuko duen lehenengo proposamena: 'Memoria, Dignidad y Justicia' izeneko udal ordenantza. Halaxe jakinarazi dute gaur Durangon egindako ekitaldian Carlos Garcia alkategaiak, Bizkaiko PPko presidentea den Raquel Gonzalezek eta, Durangoko zerrendan doan eta Dignidad y Justicia elkarteko presidentea den Daniel Porterok.

Carlos Garciak ordenantza aurkezteko arrazoiak azaldu ditu. "ETAren terrorismoa da hemen bizikidetza suntsitu duena eta hori berrezarri beharra dago. Terrorismoaren biktimen memoria, duintasun eta justiziaren inguruko araudiak udal ordenantza batean batzea oinarrizkoa eta funtsezkoa dela uste dugu", adierazi du. Ordenantza proposamenak jasotzen dituen neurri batzuk zerrendatu ditu. "Biktimen omenezko plakak jartzea, terrorismoa goratzen duenari zigorrak jartzea eta udaleko diru laguntza jasotzen duten elkarteek espreski terrorismoa gaitzestea", beste neurri batzuen artean.

Durangoko agerraldia abiapuntua dela eta ordenantza proposamena ordezkaritza duten Bizkaiko, EAEko eta Nafarroako udalerrrietan aurkezteko asmoa dutela aurreratu dute.

PPk azaldu duenez ETAk bederatzi pertsona hil zituen Durangon. Arrosa bana utzi dute hilketak gertatutako tokietan. Herritik kanpora hildako lau durangarren omenez, berriz, lau arrosa utzi dituzte udaletxeko atarian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!