Durangoko EAJk maiatzeko hauteskundeei begirako zerrenda eta bere programako ardatz nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean Ezkurdin egindako ekitaldian.
Mireia Elkoroiribe izango da alkategaia eta bera buru duen hautagaitzaren konpromiso nagusiak azaltzeko ere baliatu du gaurko aurkezpena. Osasuna da EAJren ardatz nagusietako bat. Horretarako, Durangoko Bereizmen Handiko Osasun Zentroa–Ospitalea eraikitzea proposatzen dute trenbidearen lursail zaharretan. "Ziur gaude zentro berri honek gure osasun-arreta hobetzen lagunduko duela, beharrezkoak ez diren joan-etorri asko saihestuko dituela, 24 orduko premiazko arreta eta diagnostiko osoagoa eta aurreratuagoa izatea ahalbidetuko duela", adierazi du Elkoroiribek.
Ekonomiaren eta enpleguaren arloan, tokiko merkataritza "bultzatzearekin" eta merkatu plaza "dinamizatzearekin" batera, Ekogarapen Gunea proiektua azpimarratu du; hau da, "goi-mailako prestakuntzarako zentro bat, bai lanbide-heziketarako, bai unibertsitate-heziketarako, gazteen artean enplegua eta prestakuntza sustatzeko".
Kirola eta jarduera fisikoa, mugikortasun iraunkorra, segurtasuna, garbitasuna eta bizikidetza hobetzea, berdintasuna, zahartze aktiboa eta harreman-zahartzea edo Durango "euskal kulturaren egoitza" bilakatuz euskararen kultura eta erabilera dinamizatzeko programak dira hautagaitzaren beste proposamenetako batzuk.
Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere parte hartu du gaurko ekitaldian.
HAUTAGAIEN ZERRENDA
- Mireia Elkoroiribe:, Komunikazioa eta Kanpoko Harremanak, 47 urte.
- Sara Oceja: Arkitektoa, 53 urte.
- Josune Escota: Abokatua, 52 urte.
- Mikel Ortega: Ekonomista, 31 urte.
- Asier Perugorria: Informatika sistemen administraria, 37 urte.
- Arantza Barrenetxea: Kazetaritza eta zuzenbidea. 60 urte
- Paule Sanchez: Informatika eta Telekomunikazio enpresaren kudeatzailea, 39 urte.
- Jon Sergio: Orientatzailea eta irakaslea, 48 urte.
- Julene Zamalloa: Turismoko lizentziatua, 34 urte,
- Ander Odriozola: Erizaintzako laguntzailea , 33 urte
- Jone Leturiondo: Politika, Ekonomia eta Filosofiako ikaslea, 19 urte
- Iker Txertudi: Negozioen kudeaketa eta Padelko entrenatzailea, 28 urte.