“Biolentzia erotizatzea oso arriskutsua da. Ezin dugu onartu gure gazteak sexuaren ideia biolento horregaz heztea”

Jone Guenetxea 2023ko api. 28a, 12:00

José Luis García psikologo eta sexologoak pornografiari buruzko berbaldia eman zuen astelehenean, San Agustin kultur gunean. Eduki sexual porno-biolentoek ume eta gazteengan duten eraginaz ohartarazi zuen.

Zeintzuk dira pornoa kontsumitzearen ondorioak?
Ezelango hezkuntza sexualik ez badago eta Interneterako sarreran kontrolik ez badago, arriskuak oso handiak dira. Nik ume pornografikoen belaunaldi bati buruz berba egiten dut.

Zer esan gura duzu horregaz?
Soziologoek belaunaldiei buruz berba egiterakoan, milenial, zeta edo X terminoak erabiltzen dituzte. Nik, ostera, belaunaldi pornografiko bati buruz berba egiten dut. Ume hauek, batez ere porno biolentoa izan dute hezkuntza erreferente legez.

Pornografiari buruz berba egiten duzunean, zehazki zein eduki motari egiten diozu erreferentzia?
Pornografia berbak nahasmena sortu dezake. Eduki guztiak ez dira berdinak. Nik pelikula sexual erotikoak eta pelikula sexual porno-biolentoak bereizten ditut. Interneten dauden pelikularik gehienak film sexual porno-biolentoak dira, eta eduki horiek kontsumitzeak bere arriskuak ditu.

Zein da eduki biolento horiek kontsumitzen dituzten ume edo gazteen profila?
Ume hauek sexualki oso aktiboak izango dira, orientazio sexuala inporta barik eta sexualki oso goiztiarrak izango dira. Ikusi dutena inposatzen ahaleginduko dira, horixe delako eszitatzen dutena. Horregaitik kontsumitzen da pornografia, eszitatu egiten duelako eta plazera ematen duelako. Kontuan izan ume hauek garuna eraikitze prozesuan dutela oraindino; ezagutzen ari diren eduki horrek, kableatu neuronala moldatzeaz gainera, portaera determinatzen du. Beraz, irudi horiek plazera ematen badiote, normaltzat hartzen ditu, ez duelako alderatzeko beste erreferenterik. Pornoa oso produktu adiktiboa da. Kokainaren gainetik dagoela esaten dut, doan delako, zure etxean kontsumitu dezakezulako. Adikzio botere handia du. Desio sexualak botere handia du. Giza jokaeraren motibaziorik handienetariko bat da. Pertsona asko egoera sexualetan inplikatzen dira, bikotea edo hipoteka ere arriskuan ipinita. Desio sexuala oso boteretsua da, espezieak bizirik iraun dezan. Giza naturan horrela aurreikusita dago eta plazeragaz saritzen du. Presio biologikoa hortxe dago eta nerabeengan ere hortxe dago. Ume adiktoak izango dira, alterazio zerebralekin. Adikzio hau dutenek geroago eta pelikula biolentoagoak bilatzen dituzte. Sentsibilitatea eta enpatia alteratuta izaten dituzte. Bartzelonan labana bategaz mehatxatuta taldean bortxatu duten neskatoaren kasua, esate baterako. Bideoa Interneten ipini zuten eta neskaren nebak salatu egin zuen. Bideo hori ikusi dutenek ere enpatia eta konpasio arazo bat daukate.

Eduki sexual biolentoak kontsumitzen dituzten gazteek zelan bizi dituzte bikote hartu-emanak?
Ume hauek bikotekideekin ere arazoak izan ditzakete. Izan daiteke bikotekideak praktika sexual batzuk gura ez izatea. Kasu askotan, prostituziora jotzen dute. Pornoa kontsumitzea eta prostituzioa kontsumitzea lotuta daude. Gazte askok porno biolentoagaz loturiko 1.000-5.000 ordu ikusten dituzte urtean. Aktore bat emakume bati tratu txarrak ematen ikusten dute hainbeste orduan. Praktikan, jokabide horiek inposatzen dituzte, eta ez bakarrik gazteek. Emakume asko arduratuta dago jarrera hauekin. Ez bakarrik gazteak, helduak ere bai. Aplikazioak erabiltzen dituzten emakume askok biolentzia sexuala salatzen dute. Kondukta horiek pornotik atera dituzte eta erotizatu egin dira. Biolentzia erotizatzea oso arriskutsua da. Ezin dugu onartu gure gazteak sexuaren ideia biolento horregaz heztea.

Zein balio bultzatzen ditu hezkuntza sexual egoki batek?
Sexualitatea bizitzaren dimentsio positiboa da. Samurtasuna, maitasuna, plazera, pasioa ditu oinarri, beti ere adostasun bategaz egiten badira. Askatasuna errespetatu behar da. Baina, biolentzia badago, beste gauza batez berba egiten gabiltza. Hori ez da sexualitatea. Oinarrizkoa da gazteei ideia hau transmititzea. Sexualitateaz gozatu dezakete biolentziarik barik.

Zein adinetan hasten dira eduki hauek kontsumitzen?
Ume batzuk, sei urtegaz. Gurasoek pornoa ikusten dute mugikorrean, eta umeek gailu horren bitartez sarbidea dute eduki hauetara. Kasu batzuetan, 8 urtegaz jada smartphone bat oparitzen diete, lehenengo jaunartzean, esaterako. Eta 12 urtegaz %40 baino gehiago kontaktuan egon da pornoagaz. 16gaz ia denak. Suedian, esate baterako, 16 urtegaz mutilen %96k ikusi dute eduki hauetakoren bat, eta nesken %55ek. Hemen laster egongo gara zifra horietan.

Hain erraza da umeentzat eduki hauetara sarbidea izatea?
Internetera sarbidea duen edozein gailu izanda, ume batek aurrez aurre topatuko ditu eduki hauek. Pornoaren industria gazteen bila joaten da, bideo-jokoetara, sare sozialetan... Twitter pornografiaz beterik dago. Instagram ere loturaz beterik dago. Alde guztietatik daude. Lehenago edo geroago, topatuko ditu.

Zelan kudeatu beharko litzateke gazteek mugikorragaz eta gailuekin duten erabilera?
Hasteko, mugikorra ahalik eta gehien atzeratu. Nahiz eta gelako azkena izan. Eta, erosiz gero, topatu ditzakeen arriskuei buruz berba egin behar da umeagaz. Ume bati ezin zaio 1 formulako kotxe bat eman. Gainera, prozesu horretan lagundu behar zaio eta berba egin, lehenago edo geroago eduki hauek agertuko zaizkiola azaltzeko. Ahalik eta lasterren. Edukiak ikusi aurretik izan behar da, gertatzen denean ulertu dezaten eta erabaki dezaten ikusi ala ez. Pelikula porno-biolentoak ez ikustea da proposatzen diedana. Ondorio larriak dituzte. Eta estimulu sexualak gura badituzte, pelikula erotikoak erabili ditzatela. Gehiago egon beharko lirateke. Estatuak pelikula erotikoak diruz laguntzea proposatzen dut, osasun arrazoiengaitik. Hau osasun arazo bat da.

Guraso askori kostatu egiten zaio gai hauetaz seme-alabekin berba egitea.
Internetek hankaz gora ipini du dena. Nire sasoian, aldizkarietan eta horrelakoetan ahal genuen moduan topatzen genituen eduki batzuk. Gaur egun, ume batek bilatzaile batean 'titiak' berba ipintzen du eta milioika pelikula agertzen zaizkio, pornoaren industriak sexuagaz loturiko domeinu guztiak erosi dituelako. Beraz, ahalik eta lasterren berba egin dezatela hartu-eman sexualei buruz, lasaitasunez, kulpabilitaterik barik, eta bisio positibo bat eman dezatela. Gurasoek euren jarreran ere eredu bat dute umeekiko. Besarkatzea, musu ematea... Egunerokotasuneko jokaera afektiboak ere aurre egin diezaioke pornografiari. Zeren, pornografia gizarte neoliberal batean ez da desagertuko. Gazteen artean jarrera biolentoak hazten ari dira, eta denak gehitzen du. Pornoa nahasmendu sexual guztiak batzen dituen katalogo bat dela ematen du, eta normaltzat saltzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!