“35 urteko sakabanaketaren ondoren, euskal presoen etxeratzeak ezin du beste 30 urte iraun”

Ekaitz Herrera 2023ko api. 21a, 09:25

Miren Erdoiza eta Bego Atxa.

Sarek amaitutzat eman du euskal presoen sakabanaketa. Ziklo bat zarratu eta aro berri bat hasi du presoen etxeratzeari begira. Astelehen honetan, Durangoko Hizkuntza Eskolan berbaldia eman dute egoera juridikoa zein den azaltzeko. Miren Erdoiza Mujika (Durango, 1994) Durangoko Sareko kidea da, eta beste hainbat kidegaz batera berbaldia antolatzen ibili da. Bego Atxa Azurmendi (Zornotza, 1982) Sareren bozeramailea da eta bera arduratu da berbaldia gidatzeaz. 

Zein arrasto utzi die sakabanaketak euskal presoei?
Bego Atxa Azurmendi: Salbuespen legedia dela eta, espetxe zigorrak bizi osorako kondenen parekoak dira. Presoak familiengandik ezin urrutiago egon dira eta horrek eragin handia utzi die arlo emozionalean. Gainera, kontuan hartu behar da legearen kontrako egoera batean egon direla. Hau da, Europako Justizia Auzitegi Nagusiak berak adierazi zuen presoek euren etxetik ahalik eta gertuen bete behar zutela zigorra. Horrelako egoera emozional batean egonda, legearen kontrako egoera batean egonda, eta hainbeste urtean, horrek egundoko ezegonkortasuna sortu die presoei. 

Eta presoen senide eta gertukoei zelan eragin die sakabanaketak?
B.A.A.: Familiek esaten digute milaka eta milaka kilometro egin behar izan dituztela errepidean, horrek dakarren arrisku guztiagaz. Errepidean hainbat zauritu eta hildako egon da, eta, alde horretatik, eurak ere dispertsioaren biktima dira. Eta horiek guztiak gogoan izan behar ditugu. Bestalde, koronabirusaren garaian eten egin zizkieten bisitak, eta asko izan dira urte hauetan guztietan espetxeetako funtzionarioen jarrera salatu duten familiak, bai presoenganako jarreragaitik eta baita bisitara doazenenganako jarreragaitik ere. Adibidez, presoen hainbat lagunek esan digute kilometro mordoa egin eta gero eragozpenak izan dituztela bisita egiteko.

Begirada Durangon ipinita, zein da bertako euskal presoen egoera momentu honetan?
Miren Erdoiza Mujika: Durangoko egoera Euskal Herriko egoeraren argazki guztiz erakusgarria da. Momentu honetan zortzi preso daude. Euretariko bat baldintzapeko askatasunean dago, beste bat hirugarren graduan, eta gainerako guztiak salbuespen legedien menpe. Gorka Palacios, Lola López, Gregorio Vicario, Josu Narváez eta Itziar Alberdi Zaballako kartzelan daude (Araba). Gorka Palaciosek, adibidez, 20 urteko espetxealdia beteko du aurten, baina salbuespen lege bat dela eta ez diote Frantziako estatuan preso egondako urte kopurua kontabilizatzen. Beraz, oso kondena luzea du aurretik. Zelanbait esateko, bizi osorako kondena baten parekoa. Lola Lopezek 72 urte ditu eta antzeko egoera bizi du. Frantziako espetxeetan egondako urteak ez dizkiote errekonozitzen, eta horren arabera 2046an irtengo luke kalera. Gregorio Vicariori bihotzeko arazo bat diagnostikatu zioten orain urte gutxi. Bere adina eta osasun egoera ez dira nahikoa arrazoi izan espetxetik ateratzeko. Josu Narvaez eta Itziar Alberdi 2014an atxilotu zituzten. Kondenaren laurdena beteta daukate, eta, horrenbestez, kalean egon behar lukete, beste fase batean egotea dagokie. Iurdan Martitegi Martuteneko kartzelan dago (Donostia). 20 urte zituela sartu zuten espetxean, eta salbuespen legearen arabera ia 80 urtegaz aterako litzateke. Egoera iluna da ume bi dituela kontuan hartuta. Azkenik, Gorka Lupiañez baldintzapean aske dago eta Guillermo Merino hirugarren graduan.

Salbuespen legeak daudela diozue. Zeintzuk dira salbuespen lege horiek?
M.E.M.: Gaur egun, trikimailu berri bat ipini dute martxan. Presoei gradu erregresioak aplikatzen hasi zaizkie. Presoei hirugarren graduko izaera ezartzen dieten arren, erregresioak indarrean ipintzen hasi dira, horregaz presoak espetxera bueltatzeko. Lehen, fiskaltzak zeukan hirugarren gradua errekurritzeko aukera, eta helegite hori ebatzi arte presoa kanpoan egon zitekeen, hirugarren graduan. Gaur egun, ez. Helegitea aurkeztuta, zuzenean dabiltza hirugarren graduko presoak espetxera bueltatzen. Astebete edo hamabost egun kalean egon ostean, espetxera bueltatzen dituzte. Gero, beste hainbat salbuespen lege dago. Frantziako espetxeetan egindako urteak aintzat ez hartzea ahalbidetzen duena batetik, edo kondenaren gehienezko denbora 40 urtera arte hedatzen duena bestetik. 
B.A.A.: Horrez gainera, lehen barruti judizialeko auzitegiari zegokion gradua berrestea, eskualdeko auzitegiari. Baina 5/2003 legea aldatu zuten, eskumen hori Auzitegi Nazionalak izan zezan. Horrenbestez, presoaren jarraipena egin ez duen urrutiko organo batek ematen du ebazpena.

Sareren irudi eta lan ildo berriak 'Etxera' dio. Gaur egungo marko legalak zein bide edo zirrikitu ahalbidetzen ditu presoen etxeratzean eragiteko?
B.A.A.: Indarrean dagoen legediagaz, presoei kondenaren zati handi bat beteta izatea eskatzen zaie etxeratzeekin hasteko. Hor gradu progresioak sartzen dira jokoan. 110 bat presok hirugarren graduan egon beharko lukete, baina gaur egun 33ri baino ez zaie egoera hori aitortzen. Gradu horregaz, presoak preso egoten jarraituko luke ikuspuntu legal batetik, baina kontrolerako neurri batzuk erabilita kalean egoteko aukera izango luke. Adibidez, pultsera telematikoa erabilita edo aldiro-aldiro auzitegira sinatzera joanda. Egoera horrek arnasbide bat eskainiko lioke presoari. Beste aukera batzuk baimenak dira. Eusko Jaurlaritzak egun biko baimenak eman ditzake bere kabuz. Bere eskumen propioa da. Gradu progresioaren eskumena ez da berea, Auzitegi Nazionalari dagokio, eta honek gradu aldaketak ukatzen baditu, bada, guk eskatzen duguna da Eusko Jaurlaritzak baimenak ematea. Hori ere beste aukera bat da. 
M.E.M.: Hirugarren gradura pasatzeko, baimen horietatik igaro behar duzu aldez aurretik. Beraz, baimen horiek hemengo langileen esku daude, presoak ezagutzen dituzten langileen eta arduradunen esku. Borondatea behar da etxerako bide horretan eragiteko. 

Bestalde, iheslariek eta deportatuek zein kokaleku dute lan ildo berri honetan?
B.A.A.: Gaur egun bost deportatu eta 20 bat iheslari daude. Gatazkaren zati dira eta beharrezkoa da haien etxeratzea ere. Saren haien etxeratzea aurreikusteko irizpideak eta baliabideak ezarri ditugu. Aurreikuspen horiek erakundeetatik eta eragile sozial eta politikoekin aurreikusi gura ditugu.

Sareren iritziz, zein da aurrera begirako bidea?
M.E.M.: Argi eta garbi dago 35 urteko sakabanaketa politika mobilizazioei eskerrak heldu dela amaierara. Herri honetan eboluzio bat gertatu da gizarte mailan, perspektiba mailan. Argi duguna da etxeratze bideak ezin dituela beste 30 urte iraun. Fase bat itxi eta beste bat zabaldu da. Horretarako, ezinbestekoa da indar metaketagaz eta mobilizazio sozialekin jarraitzea, presoak etxeratze bidean ipini daitezen behingoz. Salbuespen legediek ez dute sekula zentzurik izan eta Euskal Herriak egindako ibilbidea eta testuinguru berria ikusita, hori agerian geratu da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!