Saioa Garrido, Ixone Sesma eta Maider Egiraun Europako Estatistika Txapelketa irabazteko bidean

Anboto 2023ko api. 5a, 20:00

IES Fray Juan de Zumarraga-Durango BHI institutuko 4. DBHko hiru ikasleak Espainiako institutu guztien artean gailendu dira, European Statistics Competition –ESC txapelketan. Orain, bideo bat sortu beharko dute Europa mailan lehiatzeko.

Urtero antolatzen den Europa mailako estatistika txapelketa irabazteko pauso bat gertuago daude Saioa Garrido, Ixone Sesma eta Maider Egiraun, IES Fray Juan de Zumarraga-Durango BHI institutuko 4. DBHko hiru ikasleak. Izan ere, European Statistics Competition –ESC txapelketan europa mailan lehiatzeko txartela lortu dute, Espainiako institutu guztien artean gailendu ondoren.

Txapelketak hainbat fase ditu eta parte-hartzaileek erronka desberdinei aurre egin behar izan diete: oinarrizko ezagutza estatistikoen inguruko azterketa bat; estatistika-iturri ofizialetan informazioa topatzeko proba bat; txosten estatistikoak interpretatzeko galdetegi bat; eta, datu multzo batzuetatik abiatuta, estatistika ezberdinez bideratutako prentsa-ohar bat
prestatzea. Eta Bartzelonako Escola Cultural, Gipuzkoako IES Oñati BHI, Palentziako IES Jorge Manrique eta Malagako Colegio Salliver institutuen aurretik geratzea lortu dute, institutuko arduradunek azaldu dutenez.

Sari banaketa, apirilaren 21ean

Saioa Garridok, Ixone Sesmak, Maider Egiraunek eta euren tutorea izan den Unai Mendiguren irakasleak hurrengo apirilaren 21ean jasoko dute egindako lanagaitiko saria, lehiaketaren antolatzaileen eskutik: tutorearentzat, 300 euroko opari-txartela, estatistika-argitalpen sorta, promozio-materiala eta diploma; eta, ikasle bakoitzarentzat, 100 euroko opari-txartela, estatistika-argitalpen sorta, promozio-materiala eta diploma bana. Sari banaketa institutuan bertan egingo da

Europan mailan lehiatzeko aukera

Orain, bideo bat sortu beharko dute Europa mailan lehiatzeko, eta horretarako institutuko hainbat mintegiren laguntza jasoko dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!