Durangoko Udalak udan hasi nahi ditu Antso Estegiz kalea berrurbanizazio lanen lehen faseko lanak, 756.449,52 euroko aurrekontuagaz. Era berean, Madalena plaza berritzeko lanei ere ekin gura die, eta, horretarako, lizitaziora atera berri ditu ingurune hori birgaitzeko eta berrurbanizatzeko lanak, 469.109 euroko oinarrizko prezioarekin.
Antso Estegiz kaleko obrek inguruko bizilagunen "eskaera historikoari" erantzungo diote, udal arduradunek gogoratu dutenez. Guztira, obrek 3.700 m2 inguruko azalera hartuko dute. Gainera, berrurbanizatzeak inguruko aparkalekuetan eraginik izan ez dezan, udalak 100 plaza inguruko aparkaleku berri bat eraikiko du Larrasoloeta inguruan, argitu dutenez. Proiektua 2022an idatzi zen, Larrasoloeta kalearen eta Komentukalearen arteko tartea hobetzeko, "espazio atsegin, seguru, iraunkor eta irisgarri baten diseinuarekin". Lanak amaitzeko zortzi hilabete beharko dira.
“Bada garaia Antso Estegiz inguruko bizilagunentzako kale atsegina bihurtzeko, espaloitik espazio arazorik gabe ibiltzeko eta gustura sentitzeko. Bi aste barru lehen faseko lanak lehiaketara aterako ditugu, beraz, hurrengo hilabeteetan kale honek itxura berria izango du”, Inma Garrastatxu alkateak eta Jorge Varela Lurralde Arloko zinegotziak nabarmendu dutenez.
Madalena plaza berrituko dute
Bestalde, Madalena plazaren eraberritze lanei ere ekin gura dio udalak. Izan ere, “Madalena Durangoko gune berezienetako bat, auzoko bizilagunen aterpea eta bilgunea eta Durangora sartzeko ateetako bat. Urte askoan ahaztuta egon da, eta orain eraberritu egingo dugu, auzoko bizilagunei baldintza hobeetan itzultzeko”, azaldu dute Garrastatxuk eta Varelak. Gaineratu dutenez, Auzo Alai elkarteak egindako ekarpenak kontuan hartuko dira, "auzoarentzat zein durangarrentzat degradatutako espazio erreferentzial hori berreskuratzeko".
Ermitaren erreferentzialtasuna berreskuratzea, oztopo arkitektonikoak kentzea eta erabilera desberdinak zentralizatzea landuko dituzte proiektuak, besteak beste. “Madalenako plaza duin bat merezi dugu, egoera onean, irisgarritasun onarekin eta aisialdirako espazio atseginak eskainiz Durangoko bihotzean. Adinekoak eta gazteak gustura sentituko diren ingurune erosoa sortuko dugu”, diote Garrastatxuk eta Varelak.
Bi proiektuak aurkeztu zaizkie bizilagunei, joan diren egunetan.