Durangoko Udalak osasun mentalean eragiteko lankidetza programa "aitzindaria" aurkeztu du, gaur. Bizkaiko Psikologia Elkargoaren laguntzarekin landutako ekimena maiatzean ipiniko dute martxan, eta 14 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta; Durangoko populazioaren %25, hain zuzen. Banakako arreta psikologikoa sustatzea dute helburu, udal arduradunek aurkezpenean azaldu dutenez. Urte osoan, 10 psiko-bono eskuratzeko aukera emango da, bono bakoitza bost euroan.
Programa horretan parte hartuko du Maider del Rio psikologoak. Bere berbetan, "edozein bizi-prozesutan 15-29 urte arteko adin-tartea oso garrantzitsua da. Makina bat esperientzia eta aldaketa bizi ditugu. Aldaketa eta esperientzi horiek hazkunderako aukerak edo hastapen traumatikoak izan daitezke".Ildo horretan dionez "modu prebentiboan landu ezean ez dugu aldaketei aurre egiteko osasun mentalik izango". Nabarmendu du bestalde, edozeinek izan behar duela aukera osasun mentala lantzeko. "Batzutan ez dugu zertan arazo larri bat egon, egoera desberdinek eragin dezaketen gure osasun mentalean, selektibitate-probak, adibidez. Hiru sesiotan irtenbide bat eman dioezaiokegu ezinegon horri".
Del Riok gogoratu du sarean lan egiteko aukera sortu dela lankidetza programa honen bitartez. "Hartara, ikusi gura dugu zeintzuk diren gazteen beharrak, zein den gaur egungo egoera, hartara hartzen diren neurri politikoak egokiagoak izan daitezen. Era berean, esku-hartze zuzena eskainiko da. Osasuna eskubide bat da. Egin dezagun osasun mentala ere eskubide unibertsal eta demokratikoa, denontzako eskubidea. Izan ere, ahalegin ekonomiko garrantsitsua da askotan psikologorea joatea".
Durangoko Udalak 100.000 euro bideratuko ditu lankidetza hitzarmen horretara, eta 2.222 psiko bono eskainiko dira, guztira. Inma Garrastatxu alkateak azaldu duenez, "tratamendu psikologikoa errazteko sortutako programa da. Pandemiaren eraginez antsietatea eta depresioa lako gaitz psikologikoek giora egin dute, gazteen artean batez ere. Ondorio kaltegarri hauei ahal den heinean aurre egiten laguntzea da helburua". Julián Ríos alkateordearen berbetan, "momentu eta kontestu honetan, ekimen oso interesgarria eta beharrezkoa" da. Udalak "herriko gazteen osasun mentalean eta haien ongizate psikologikoan lan egiteko konpromisoa" hartu duela gaineratu du.
15 psikologo
Psiko-bonoak Durangoko Udalaren webgunean edo Herritarren Arretarako Zerbitzuan eta turismo Bulegoan dauden kutxazainetan eskuratu ahal izango dira. Durangon erroldatua egon beharko da, eta aipatutako adin tartean egon. Maria Villar gizarte teknikaria azaldu duenez, bertako 15 psikologok parte hartuko dute programan. "Lehen kontsulta izan ondoren, psikologoek eurek ikusiko zenbat psiko-bono behar ditzakeen bakoitzak".
Ander Alvarez Gazteria Saileko zinegotziaren berbetan, "osasun integrala bermatzeko funtsezkoa da osasun mentala ere bermatzea. Hartara, bizi ohitura osasuntsuak sustatzea da helburua, arazoak goizn detektatu eta irtenbide bat emateko.".