Durangoko 16 etxebizitza alokairu sozialera bideratuko dituzte

Anboto 2023ko mar. 30a, 13:30

Durangoko Udalak San Faustoko 10 etxebizitza berri eskrituratu ditu. Pisuok udalaren jabetzakoak diren beste 6ri batuko zaizkie. Orain, 16 etxeok altzariz hornituko dituzte, datozen hilabeteetan guztiak alokairu sozialaren bidez kaleratzeko. 

Udalaren berbetan, etxebizitza hauek beste pauso bat dira "etxebizitza beharrizana" duten pertsonak laguntzeko. Alde horretatik, etxebizitza politiketan "norabide aldaketa" bat eman gura dutela adierazi dute "premia handiena duten sektoreei, hala nola gazteei" emantzipazioan lagunduta.  Bestalde, marko horren baitan kokatu dute Udalak eta Jaurlaritzak trenbide zaharreko orubean Babes Ofizialeko 240 etxebizitza eraikitzeko akordioa. 

Horrez gainera, udalak gazteen emantzipaziorako laguntzak kaleratu ditu. 70.000 euroko diru poltsa prestatu du 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitza alokairuari aurre egiten laguntzeko. Eskabideak aurkezteko epea apirilaren 24an amaituko da. HAZen edo udalaren egoitza elektronikoan egin beharko dira. Oinarri guztiak www.durango.eus atarian kontsultatu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!