Durangoko Udalak Aramotzeko obrak esleitu ditu eta auzoko bizilagunentzako laguntzen deialdia ireki du

Anboto 2023ko mar. 17a, 10:56

2.637.626 euroko kontratua sinatu ostean, obrak datozen egunetan hasiko dira. Auzotarrek Next Generation Europako funtsetatik jasotako laguntzak eskatzeko epea zabaldu du udalak.

Durangoko Udalak iragarri du Bizkaiko Aldizkari Ofizialak (BAO) ostegun honetan argitaratu duela auzoko bizilagunentzako laguntzen deialdia. Gainera, Udalak dagoeneko esleitu eta sinatu du auzoa berrurbanizatzeko obren kontratua, 2.637.626 euroan, eta, beraz, lanak epe laburrean hasiko direla azaldu dute prentsa oharrean.

Azken asteetan Udalak emandako pausoak azaltzeko, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Julian Rios alkateordea, udal teknikariekin batera, auzoko bizilagunekin bildu ziren joan den astean. Laguntzen deialdia Aldizkari Ofizialean argitaratuta, Aramotzeko auzotarrek dagoeneko diru laguntzak jasotzeko eskaera egin dezakete. Lau deialdi desberdin direla argitu du udalak: bi Aramotz auzoko jabekideen erkidegoei buruzkoak, eta beste bi auzoan bertan dauden etxebizitzen jabeei buruzkoak. Laguntza horiek Next Generation funts europarretatik datoz. Gainera, Udalak laguntza lerro berri bat ireki du" egoera ekonomiko ahulean dauden pertsonentzat".

Era berean, eta auzoa berrurbanizatzeko egingo dituen obrei begira, 2.637.626 euroko kontratua esleitu eta sinatu berri du udalak, eta, horri esker, lanak epe laburrean hasi ahal izango direla aurreratu dute. Birgaitze integralaren planteamenduan honako hauek sartzen dira: auzoaren inguruko urbanizazio obrak, Larrinagatxu errekaren desbideratzea, eraikinak birgaitzea eta Auzo Bulegoa instalatzea, informazioa emateko, obrak eta laguntzak kudeatzeko eta tokiko prestakuntza eta enplegu planak bultzatzeko.

Udala arduratuko da auzoa berriz urbanizatzeaz, eta Naturan Oinarritutako Irtenbideetan (SbN) oinarritutako hirigintza proiektu berritzailea garatuko du, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 1.250.000 euroko dirulaguntza eman dio Udalari. “Hainbeste urteren eta buruhausteren ondoren, ‘Aramotz Berritu’ proiektuak aurrerapauso handia eman du eta datozen asteetan errealitate bihurtzen ikusiko dugu. Proiektu estrategikoa da Durangorako, gure herrian iraunkortasunari eta irisgarritasunari dagokionez garatu den proiekturik handienetako bat delako, eta, bestetik, herriko auzo ahulenetako batean garatuko delako. Azken egunetako albiste onen ondoren, bihar auzotarrekin batera ospatzeko aukera izango dugu”, adierazi dute Garrastatxuk eta  Riosek.

Asteburuan jaia

Herria Auzo Elkarteak eta Aramotz berritzeko obra batzordeak jai txiki bat egingo dute zapatuan, auzoa eraberritzeko lanak hasiko direla ospatzeko. Aspaldiko eta gaur egungo argazki erakusketaz gainera, luntx bat eta musika izango dituzte. Ospakizuna 12:00etan hasiko dute, Aramotzeko plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!